Euskadiko esne ekoizleak gaur Zaldibian elkartuko dira, Enbaren eskutik
Goizanen, sektoreari buruzko bilakaera, gaur egungo egoera eta etorkizunerako ikuspegiak landuko dituzte, hitzaldien eta mahai-inguru baten bitartez.
Behi esneari buruzko jardunaldi bat egingo dute, gaur, Zaldibiako Goizanen, Enba nekazari elkarteak antolatuta. Esnearen eta esnekien sektorearen egoera aztertuko dute, goiz osoa hartuko duten hitzaldietan. 09:30ean hasiko da, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredoren sarrera-hitzaldiarekin.
Hiru hitzaldi izango dira, ondoren. Espainiako esnekien merkatuaren azken urteetako bilakaera eta etorkizuneko ikuspegia jorratuko dute Francisco Sineirok eta Jorge Santisok (Santiagoko Unibertsitatea), tokiko esneki enpresa bat egungo merkatuan nola lehiatu daitekeen azalduko dute Nerea Arroyok eta Iñigo Aranburuk (Kaiku), eta Euskadiko esne sektorearen errentagarritasunaren bilkaera aurkeztuko du Javier Garrok (Lursail).
Jardunaldiaren azken zatian, mahai-inguru bat osatuko dute esne sektorearen dibertsifikazioa, gaur egungo egoera eta aurrera begirakoak xehatzeko. Aritz Eizagirre (Xarrondo esnekiak), Arantxa Goenaga (Goenaga jogurtak), Iker Markinez (Kaxola), Josu Garaialde (Hazi) eta Malen Sarasua (Leartiker) izango dira hizlariak.
Itxiera hitzaldi Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik esango du.