Idiazabal Gaztaren Ibilbideak Hain Gipuzkoa saria jaso du
Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria da. 2014an sortutako proiektua da gaztaren ibilbidea, sei etapa dituena.
Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak lehen Hain Gipuzkoa sariak banatu ditu eta Iraunkortasunaren saria Idiazabal Gaztaren Ibilbideari eman diote. Guztira 20 pertsona eta erakunde turistikok aurkeztu dituzte beren hautagaitzak. Sari horiek «lurraldean egin diren jardunbide egokiak eta kalitatezko helmuga turistiko jasangarri gisa posizionatzen jarraitzen laguntzen duten ekimenak aitortzen» dituzte.
Azahara Dominguez diputatuaren esanetan, Iraunkortasunaren Hain Gipuzkoa sariak «turismo arduratsuaren alde lan egiten duten ekimen turistikoak» saritzen ditu, «inguruko esparru soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa zainduz». Idiazabal Gaztaren Ibilbideak Goierri, Urola Garaia eta Debagoiena batzen ditu: «Nortasuna eta iraunkortasuna uztartzen dituen ekimen batez ari gara». Diputatuak gehitu du «errespetuzko eta kalitatezko turismoa erakartzea lortu duen ekimena» dela, eta, «gainera, bisitarien batez besteko egonaldia handitzeko gaitasuna» duela.
Erro kooperatibako eta Gaztaren Ibilbideko koordinatzailea den Leire Arandiaren esanetan, «oso eskertuta» daude sariarekin: «Hain Gipuzkoa saria jasotzea ohore bat da, orain arte egindako lanari eskertza bat». 2014an martxan jarri zuten ibilbidea da Idiazabal Gaztaren ibilbidea, «naturaz gozatzeko».
Ibilbide «jasangarria»
Sei etapan osatzen da. Arandiak adierazi duenez, «jasangarria» da bere zentzu guztietan. «Jasangarritasun ekonomikoaren alde ere egiten du. Urte osoan egin daiteke eta desestazionalizazioan laguntzen du». Gehitu du «tokiko kulturari asko laguntzen» dion ibilbide bat dela eta «ofizioak, bertako ondarea ezagutzeko aukera ematen» duela. «Urtetik urtera bisita kopurua goraka doa eta parte hartzen duten eragileentzat oso positiboa da».