Legazpiko udal aurrekontuak, akordio eske
Udal Gobernu Taldeak egindako proposamena 14.336.905 eurokoa da, orain arteko altuena. "Asmo handiko inbertsio plan bat" aurreikusi dute.
Legazpiko Udaleko Gobernu Taldeak «herritarrekin konprometitutako aurrekontua» prestatu du datorren urterako. EAJko eta PSE-EEko zinegotziek osatzen duten taldeak egin duen proposamena 14.336.905 eurokoa da, orain arte izandako kopururik altuena.
Aurrekontu proposamen honek «politika errealistak, zehatzak, onargarriak eta jasangarriak» jasotzen dituela azaldu dute Gobernu Taldeko ordezkariek. «Bizi kalitatea hobetzeko, bizikidetza sustatzeko eta udalerriko ingurune naturala eta kulturala babesteko proiektuak» bultzatzen dituela zehaztu dute, modu horretara udalak «herritar guztien ongizatearekin duen konpromisoa» berresten duela. Aurrekontuaren helburua «Legazpik dituen erronkei erantzutea» dela nabarmendu dute.
Proposatutako aurrekontuetan jasotako proiektuetako bat Ezkurrenea eraikina berritzea da, eta horretarako udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari diru laguntza eskatuko diola jakinarazi dute. Horri esker, «are gehiago handituko da udalerriko inbertsio ahalmena».
Datorren urterako aurrekontuetan «asmo handiko inbertsio plan bat» aurreikusi dute, eta «legazpiarren bizi kalitatea hobetzeko proiektu estrategikoetara» bideratuko dute.
Horrek, «Legazpiren garapenerako ikuspegi estrategikoa» erakusten duela nabarmendu dute. «Baliabide propioak, foru transferentziak eta kanpoko laguntzak konbinatuta, udalak bere inbertsio ahalmena sendotu dezake, iraunkortasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe».
Gobernu taldeak oposizioari aurkeztu dio 2025erako proposamena, guztien ekarpenak sartu ahal izateko eta, azken batean, akordioak lortzeko, «Legazpirentzat ona dela» uste dutelako.
PROIEKTU NAGUSIAK
- Paper fabrikako lursailen erosketa: Etxebizitzak egiteko, eta eremu degradatua egokitzeko.
- Aizkorri kalea: Irisgarritasuna, segurtasuna eta funtzionaltasuna sustatzeko lanak.
- Aparkalekua Urtatza-Urtegialden.
- Ezkurrenea: Belaunaldien arteko proiekturako egokitze lanak.
- Gizarte Zentroa: Teilatua berritu, eguzki plakak jarri eta premien azterketa egingo da.
- Gizarte Zerbitzuak: Zaintzaren ekosistema eta migratzaileen integrazioa bultzatzeko proiektuak.
- Latxartegi parkea: Eremua eraberritzeko eta modernizatzeko proiektua.
- Latxartegi aretoa: Soinu ekipo berria.
- Kultura: Programazio zabala eta egonkorra, herriko erakundeen jarduera eta garapena bultzatuz.
- Nerabeentzako guneen eta musika taldeentzako Subeltza lokalen hobekuntza: Bi lokal handituko dira.
- Nerabeentzako zerbitzua: Indartu egingo da.
- Klima eta Energia Plana: TEK, eraikin publikoen monitorizazio energetikoa, auzo konpostajerako zerbitzua, eta inbertsioak mugikortasun elektrikoan eta Kultur Etxeko argiteriaren eta berogailuaren energia eraginkortasunean.
- Amiantoa: Inbentarioa egiten jarraituko da.
- Arrobi mendian eta baso pistetan hobekuntzak.
Olaberri burdinola: Kontserbatzeko proiektua. - San Martin: Txabolak eraitsiko dira, eremua eraberritzeko.
- Hainbat asfaltatze lan.
- Hezkuntza: Hezkuntza komunitatearekin eta hezkuntza ez formaleko eragileekin talde lana.
- Euskararen sustapena: Parte hartze prozesua, herriko ahuleziak eta indarguneak antzemateko eta euskara sustatzeko. Euskaraldia.
- Jarduera Fisikoa Sustatzeko Orientazio Zerbitzua: ‘Legazpi Aktibo’ bat lortzeko, gimnasio berriaren inaugurazioarekin batera.
- Txillida 100 urte: Ospakizunak amaitzeko, nazioarteko ospea duten artisten kontzertua, zinema eta herriko kultur taldeen ikuskizuna.
- Merkataritza eta ostalaritza: Diagnostikoa egingo da, merkataritza plan bat definitzeko.