Goierriko produktuak saritu dituzte Eibarko eta Usurbilgo azoketan
Juan Elgarresta eta Beñat Elortza, Euskal Herriko ezti txapeldun.
Udazken-negu sasoiko aparteko azoken denboraldia lehengo zapatuan hasi zen. Goierriko baserritarrek ekoitzitako mota askotako produktuek harrera eta estimu ezin hobea izan dute, lehen unetik.
Usurbilen, larunbatean, 23. Erle Eguna ospatu zuten, eta Euskal Herriko Ezti Txapelketa jokatu zen bertan. 51 ezti aurkeztu zituzten erlezainek. Txapelketako hiru sailetatik bitan goierritarrak atera dira txapeldun.
Milalore motako eztietan, Gabiriako Juan Elgarrestak irabazi du txapelketa, eta bigarren Segurako Beñat Elortza geratu da –Ageda Zeberio amak jaso zuen saria–. Goierriko eztien kalitate gorena berretsi du emaitza horrek, azaroaren 17an Gabirian jokatutako Goierri Beheko 26. Ezti Lehiaketan bi erlezain horiek errepikatu baitzituzten postuak.
Ezti ilunen sailean, berriz, Beñat Elortza segurarrak lortu zuen txapela, eta bigarren Igor Merino geratu da. Ezti argietan, Ibai Ormaetxea eta Markel Lizasoain saritu zituzten, azkenik. Astebete atzeratu behar izan zuten Usurbilgo Erle Eguna, aurreko asteko haizeteagatik.
Eibarren ere sarituak
Eibarren, azaroaren 30ean bertan, 44. San Andres feria berezia ospatu zuten. Han ere eztien lehiaketa egin zuten, baita gazta, barazki, fruta eta ogiarena ere. Ez dira esku hutsik itzuli Goierriko baserritarrak.
Gazta lehiaketako lehenengo saria Gabiriako Baztarrika gaztandegiak irabazi zuen, eta bigarrena Olaberriko Aizpeak. Fruta lehiaketan, aurreneko saria Jose Antonio Elosegi gabiriarrak jaso zuen, Oñatibitxiki baserriko sagarrekin.
Eskualdean eztiaren uzta apartekoa izan den beste seinale bat, ezti lehiaketako emaitzak suertatu ziren. Lehenengo saria Urretxuko Aitor Otegik irabazi zuen, eta bigarrena Segurako Eugenio Elortzak, Usurbilgo sari bikoitzari hirugarrena erantsita.
Urretxuko eta Zumarragako Santa Lutzi azokak eta lehiaketak dituzte hurrengo hitzorduak baserritarrek, bihar zortzi.