Liburu azokek «kulturaz jantziko» dute Goierri, hilaren 13tik 15era
Ataunen, Lazkaon eta Seguran prestatu dituzte egitarauak. Liburu nobedadeak, diskoak eta aurkezpenak egingo dituzte.
Beste urtebetez, Ataunen, Lazkaon eta Seguran euskal liburuen eta diskoen azokak egingo dituzte, Gabonen atarian, euskaraz argitaratutako lanen erakusleiho eta erosketa plaza izan daitezen. Abenduaren 13an, 14an eta 15ean jarriko dituzte azokak, ohiko lekuetan.
Azokak «batzen, lotzen eta janzten» dituela azaldu zuten, atzo, Goierriko azoka bateratuen antolatzaile Joxepa Madariagak, Aitor Aldasorok eta Xabier Albizuk, Lazkaon egindako agerraldian. «Soina bakarrik ez, burua eta garuna ere jantzi behar da, eta kulturak janzten gaitu horretan; jolas egiteak, musikak, antzerkiak, bertsoak, lagun arteko elkarrizketek, eta liburuek. Janztea bizitzea da», azaldu du Madariagak.
Ataunen, azken urteetan bezala, Herri Antzokian muntatuko dute 19. liburu eta disko azoka. Bi aurkezpen antolatu dituzte: Fermin Erbiti eta Iñaki Perurena hilaren 14ko eguerdian, Harria bidelagun liburuarekin; eta Mikel Sarriegi dantzari beasaindarra 15ean, Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburuarekin; Otsoak dantza taldeak ere parte hartuko du, azken horretan.
Lazkaon, aste osoa
Lazkaoko 36. azoka girotzeko, datorren aste osoan izango dira aurkezpenak. Irakurketa feminista saio irekian, Iratxe Retolazarekin, Karmele Jaioren Maitasun kapitala landuko dute, astelehenean 18:00etan udaletxean. Juan Luis Larraza etxarriarrak Bernoa eleberria aurkeztuko du asteartean (19:30, Gerriko dendan), eta Aratz Aranburuk eta Nekane Munduatek «nork bere atsegin soroa esploratzeko» postalak aurkeztuko dituzte ostegunean (11:00, dendan), testu eta ilustrazio artelanak. Abenduaren 12an bertan, Maite Mursego musikaria gonbidatuko dute Hitz&Musik saiora (txokoan, 18:30).
Batez ere liburu nobedadeei eskainitako azokan bertan ere izango dira ekitaldiak. Eider Saez lazkaotarrak Nola aldatu gara? diskoa aurkeztuko du, lehen iluntzean (19:00), Antton Arrietak Euskal Herriko gazteluak liburua (14an, 12:00), eta Maitane Ormazabal eta Iker Irribarria goierritarrek Irri liburua, igandean (12:00). Musika bandaren kontzertuak jarriko dio azken puntua.
Segurako liburu azokak 18. ekitaldia beteko du, Ardixarran. Lehen iluntzean pilatu dituzte ekitaldiak. Aurkezpen bakarra izango da: Catalina Goia sukaldari historikoaren errezeta-liburuen seigarren edizioarena, bilobek prestatua. Aihert Izagirre sukaldariak haren sukalki bat prestatu eta banatuko du.
Ohiko saski zozketa, koru kantaldi eta egutegiko sari banaketa ere egingo dituzte Seguran, abenduaren 13an, 18:30etik aurrera.