Osasun komunitarioaren eta elkartasunaren alde
Shifa elkarteko kideak dira Fatimetu Zenan eta Marta Blanco. Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan osasun komunitarioa hobetzeko lanean ari dira, beste hainbat helbururekin batera.
Errealitate oso desberdinetan jaioak, erizaintza lanbideak elkartu zituen Fatimetu Zenan eta Marta Blanco. Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan jaio zen Fatimetu. Haurra zela iritsi zen Euskal Herrira, gaur egun Ikaztegietan bizi da, baina barru-barruan du jaiolekua, nortasuna. Argi izan du beti zein den bere bidea, eta horri jarraiki, Erizaintza graduko ikasketak egin zituen Donostian, Euskal herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean. Marta, Beasainen jaioa, «erosotasunean, beste batzuen aldean», baina horrela izanda ere, sentsibilitate berezia garatu du, egoera zaurgarriagoan jaio eta bizi diren haien alde lan egitera bultzatzen duena. Fatimeturen ekimenez, Martak eta beste lankide batzuek, Shifa elkartea jarri zuten abian.
Elkartearen izena, Shifa, arabierazko hitza da, eta «sendatu» edo «sendatzea» esan nahi du. «Izen hau egokia iruditu zitzaigun, izan ere, elkartearen helburuarekin bat dator», azaldu du Fatimetuk. «Aljeriako hegoaldean kokatuta dauden Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetara osasun laguntza eskaintzea da gure helburua. Horretarako, Osasun Ministerioarekin batera gabiltza elkarlanean, tokiko errealitatetik beharrak hobekien asetze aldera. Osasun komunitarioa hobetzeko bide honetan, genero-ikuspegia ardatz daukagu».
Aurtengo urtarrilean, saharar errefuxiatu kanpamentuetara lehen bidaia egin zuen. «Erizain talde batek, osasun materiala eraman zuen, Smarako kanpamentuan egon ziren bi astez, bertako ospitale eta osasun zentroetan pazienteak artatu zituzten», azaldu du Martak.
Horrez gain, Shifa elkarteak formakuntza ere eskaintzen du. «Errefuxiatu kanpalekuetan erizaintza eskola bat dago, eta Shifa elkartea irakasgai batzuetan laguntza eskaintzen ari da bertako etorkizuneko erizainei. Horrek, lanbidearen etorkizuna sendotzen eta bertako komunitateari laguntzen dio, baita osasun sistemaren iraupena bermatzen ere», borobildu du Martak, abian duten proiektuaz.
Elkarlana
Saharar herriak bizi duen egoera ulertzeko testuingurua kokatu nahi izan du Fatimetuk. «Saharar errefuxiatuek, ia 50 urte daramate kanpalekuetan, basamortu gordinean. 200.000 inguru errefuxiatu daude. Guztiak nazioarteko laguntzaren menpe daude, eta ez da nahikoa, baliabide falta ikaragarria da. Dena den, oso antolatuta daude, eta emakume sahararrek paper oso garrantzitsua izan dute bertan. Smaran, adibidez, zazpi osasun zentro daude, eta horietako bakoitzeko arduradunak, emakumeak dira. Haiei esker, aurrerapauso handiak egin dira», kontatu du harrotasunez. «Paziente kronikoen kontrola egiten ari dira, diabetesa dutenena, adibidez».
Bidea eraikitzen jarraitzeko elkarlana eskaini nahi du Shifak. «Haien errealitatea ezagutuz, osasun arloan errekurtsoak eskaintzea da gure lana». Osasun Ministerioarekin harremanetan daude, Fronte Polisarioak erregulatzen duena, eta handik helarazten dizkiete dituzten beharrak.
Informazio horrekin, urtarrilean, elkartearen hirugarren bidaia egingo dute saharar kanpamentuetara. 16 pertsonak osatutako talde bat joango da, goierritarrak gehienak. Osasun materiala eramango dute, eta orain arte egindako lanari segida emango diote.
Sentsibilizazioa
Shifa elkartearen beste helburu garrantzitsu batzuk saharar herriak pairatzen duen gatazkari ikusgarritasuna ematea eta horren inguruko sentsibilizazioa egitea dira. Euskal Herrira itzultzen diren bakoitzean, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharako egoerari ikusgarritasuna emateko lan egiten dute, sahararren errealitatea ezagutaraziz, eta elkartearen proiektua aurkeztuz. Elkartekideen ustez, «gizarte indibidualista batean elkartasuna oso garrantzitsua da».
Herritarrengana iristeko, komunikabideen lana «eskertu» dute. Gainera, azoka eta herri desberdinetan izan dira informazio postuarekin, eta hortik jasotako erantzunarekin «pozik» agertu dira. «Babesa emateko modu asko daude, eta denen bultzadari esker, proiektua aurrera doa».
Azkenik, jakinarazi dute, Durangoko azokan izango direla hurrengo egunetan, elkartearen lana gizarteratzen eta merchandising-a saltzen. Instagramen, Shifaelkartea profilaren bidez, egiten ari diren lanaren jarraipena egin daiteke. Eta harremanetarako, shifaelkartea@gmail.com e-postaren bidez.