Artzain Oneko eskailerak egin dituen Urretxuko enpresa
Urretxuko Eima enpresak goi mailako eskailerak egiten ditu, bai kalitate eta bai diseinu aldetik ere. Donostiako Artzain Onaren katedralekoa eta hainbat futbolariren txaletetakoak egin dituzte.
Donostia hiri ikusgarria da eta Donostiako talaia onenetako bat Artzain Onaren katedraleko kanpandorrea da. Hala, udaberrian bisitariei irekitzeko asmoa dute. Urretxuko Eima enpresak egindako eskailerei esker igo ahal izango dira goraino. Enpresa hau diseinu eta kalitate bikaineko eskaileretan espezializatu da. Hala, munduko futbolari onenetako batzuen etxeetako eskailerak ere egin ditu.
Artzain Onaren katedraleko eskailera 2019an eta 2020an egin zuten. «Lan hori eskaini ziguten eta baiezkoa eman genien. Baina oso lan konplikatua izan zen. Zulo hura ikusgarria zen: 50 metro altuko hutsunea. Proiektu polita izan zen, baina zaila: altuerak muntaia zailtzen zuen eta oso eguraldi txarra egin zuen gainera. Fabrikazio lanak hiru bat hilabete iraun zuen eta muntaiak beste hilabete bat. Haritzezko 130 maila inguru egin genituen. Estruktura metalezkoa da eta mailak egurrezkoak. Baranda ere metalezkoa da. 40 bat mailatik behin, eskailburu handi batzuk egin genituen. Mantenu gutxi behar du. Garbitzea bakarrik», aipatu du Javier Idiakez Eima enpresako nagusiak.
Lan zaila izan zen, baina helburua lortu zuten. Izan ere, esperientzia handia dute. «1996an hasi ginen eskailerak egiten. Lehenago aitarekin lan egiten nuen, sukaldeak egiten. 1999an nire tailerra ipini nuen, Zumarragan. 2006an Urretxuko Mugitegi industrialdera etorri nintzen. Eskailerekin lan egiten dugu. Lehenago egurrezkoak bakarrik egiten genituen eta 2008ko krisiarekin diseinu berriak egiten, metala erabiltzen… hasi ginen. Altzairua, haritza eta pagoa erabiltzen ditugu. Egun, diseinuzko eskaileretan, kristala ere asko erabiltzen da».
Ia prozesu osoa kontrolatzen dute. «Garai batean ez geunden metalarekin lan egiteko prestatuta. Ez genekien soldatzen. Moldaketa zaila izan zen, baina beharrezko guztia ikasi genuen».
Euskal Herritik kanpo lan asko egiten dute. «Suitzan bezero bat dugu, baina Frantzian lan egiten dugu gehien. Izan ere, Frantzian merkatu handia dugu etxe baxu asko egiten direlako», azaldu du Idiakezek.
Eskailera bereziak
Lan ikusgarri asko egin dituzte, Artzain Onaren katedralekoaz gain. «Pabiloietan ere lan egin dugu. IK4ren pabiloian oso eskailera handia egin genuen. Madrilgo txalet batean, berriz, Corian-ekin forratutako luxuzko eskailera egin genuen. Diseinuzko eskailera asko egiten ditugu, bereziak. Futbolari jendeari-eta eskailera asko egin dizkiogu. Txalet handietan lan asko egiten dugu. Madrilen sekulako etxeak egiten dira. Orain Kanariar uharteetan lan bat dugu. Bere garaian Japonian eta Txinan ere zer edo zer egin genuen».
Luxuzko eskailera bat egiteko prozesua oso luzea da. «Zailena eskailerak egiten hasi aurreko lana da: neurketak, planoak… Fabrikatzen hasi aurreko lana oso konplikatua da. Lan honetan ezin duzu zentimetro bakar bat huts egin. Eskailerak neurri-neurrira egiten dira, dagokien hutsunerako. Fabrikatzen hasi aurretik arkitektoaren eta eraikinaren jabearen oniritzia izaten dugu. Oso lan pertsonalizatuak direnez, ez dute beste bezero batentzat balio. Gurekin hasi zen azkeneko komertzialari esan nion lehenengo gauza hori izan zen: hiru aldiz neurtu, behin fabrikatzeko. Hori da bereizten gaituena. Beste era batera lan egingo bagenu, konpetentzia handiagoa izango genuke. Kalitateak eta diseinuak bereizten gaituzte. Arkitektoek ondo ezagutzen gaituzte eta askok guri deitzen digute».
Aldaketa
Ofizioa asko aldatu da eskaileren munduan lan egiten hasi zenetik. «Lehen dena eskuz egiten zen eta egun dena kontrol numerikoarekin egiten dugu. Zerikusirik ez du. Hasi ginenean, horman marrazten genuen, 1:1 eskalan. Egun, dena ordenagailuan egiten dugu. Programa bat prestatzen ari dira, eskailerentzat espresuki. Egun, fabrikazioa hasi aurreko prozesuak fabrikazioak baino lan gehiago ematen ditugu. Lehen bulego teknikoan pertsona bakarra genuen eta hilean 100 eskailera egiten genituen. Egun, bulego teknikoan hiruzpalau pertsona ditugu hilean 50 eskailera egiteko. Aurrekontu eta plano gehiago egiten dugu eskailera bakoitzeko».
Etorkizuna begi onez ikusten du. «Krisia datorrela diote, baina eraikuntza ondo ikusten dut oraindik. 2008ko krisia oso ezberdina izan zen. Garai hartan 140 txaletetako promozioak egin genituen. Egun askoz ere kontrolatuago dago. Krisia badator ere, ez da hura bezalakoa izango. Gainera, etxebizitzak behar dira».