Segurako San Nikolas Txikia bideoan
Unai Sanchez izan da aurten gotzain txikia, eta haurrek koplak abestu dituzte leihoetatik eta balkoietatik botatako gozokiak bildu aurrean.
Goierrin egiten diren guztien artean urtetsuena da Segurakoa, 150 urte baino gehiago baitaramate abenduaren 6 bakoitzean usadioa errepikatzen. 10:00etan ekin diote errondari Arboladitik irtenda. Laiotz herri eskolako Unai Sanchezek egin du aurten gotzain txikiaren papera, eta pottoka gainean ibili da etxez etxe, herritarrak lagun, goizean zehar. Ohiturari jarraituz, koplak abestu dituzte leihoetatik eta balkoietatik botatako gozokiak biltzen dituzten bitartean.
Segurako Udalak, bere aldetik, Nikolas Txikiak banatu ditu ekitaldiaren amaieran parte hartzaile guztien artean. 2006an sortu zuten gozo hori, Seguraren 750. urteurrenaren harira. Gaur salgai izan dira Elorripeko okindegian eta Ardixaharran.