Arineketan taldeak Igartubeitin grabatutako 'Iragan besta' kantuaren bideoa
Urriaren 5ean Igartubeiti Baserri Museoan egindako zuzeneko emanaldian grabatu zuten ikus-entzunezkoa. Lau emakumeren arteko "jolas giroa" islatzen du abestiak.
Iragan besta Arineketan taldeak Zaharrak Berri disko-liburuan argitaraturiko lana da. “Tradiziozko euskal kantetan nekez aurki dezakegu emakumeen aisia horren ongi islatzen duten kantarik”, diote taldekideek. Arineketan taldeak urriaren 5ean Igartubeiti Baserri Museoan eskainitako zuzeneko emanaldian grabatu zuten bideoa.
Oihana Iguaran bertsolariak kantari dela, honako lau musikari izan zituen ondoan: Jagoba Astiazaran (silbotea), Iñar Sastre (pianoa), Xabier Zeberio (biloina) eta Nora Lopez (biolontxeloa). Bideoa Aitor Arrutik grabatu zuen.
Ainhoa Ansak hitz hauekin laburbiltzen du abestiaren muina:
«Zeinen polita lau emakumeren arteko jolas giroa. Haien arteko konplizitatea, konfiantza eta lotsagabekeria elkar zirikatzerakoan!
Trukean ez dira leku askotan aritzen gaur, baina emakumeek ederki “dominatzen” duten jokoa da gure inguruan. Gure amonak, txoriak ere trukean aritzen zirela esaten zuen: batek, “lau hiruko, lau hiruko” errepikatzen omen du. Besteak “laua ere bai? Laua ere bai?” eta azkenak “truk truk, truk truk…” botatzen omen die desafioa besteei.
Eta emakume hauek, “harri txabal-txabal baten gainian” jarrita, kartak partitu orduko ekiten diote elkarri. Gezur eta broma artean, keinua egin dela eta ez dela, ttantta bat edo beste soberan hartu izanaren errezeloa libreki elkarri adieraziz…
Gizonik gabeko gunean daudela nabari da, izan ere, garai batean, jokua ere gizonen esparrua izango baitzen, aisia eta xurruta bezalaxe. Eta gaur iruditzen ez bazaigu ere, emakume hauek garaiko iraultzaileak izango zirela ikusten dut nik gaurko begiekin».