Beste bi kontratu lortu ditu CAFek Kolonbian eta Txilen
200 milioi euro baino gehiagoko bolumena izango dute bi kontratu horiek.
CAF-ek beste bi kontratu gehiago lortu ditu. Batetik, Kolonbiako Medellin hiriko metroko sarea hornitzeko 13 unitate fabrikatuko ditu. Horietako bakoitzak hiru kotxe izango ditu.
Bestetik, Txileko Santiago hiriko metrorako, beste sei unitate egingo ditu. Trengintza arloko automatizazio maila altuena duten trenak izango dira, hau da, tren barruan langilerik ez duena, eta funtzio guztiak kontrol-zentro batetik kontrolatzea ahalbidetzen dutenak.
Bi kontratu hauek “200 milioi euro baino gehiagoko bolumena” izango dutela nabarmendu du CAFek. Era berean, Hego Ameriketan CAFek duen “presentzia indartzen jarraitzea” suposatuko du.