«Euskal hezkuntzako oposizioak prestatzen laguntzea da helburua»
Nerea Albarran beasaindarra da Opoenea Akademiaren sortzailea. Hezkuntzako oposizioak prestatzeko formakuntza pertsonalizatua eta integrala eskaintzen du.
Opoenea enpresaren sortzailea da Nerea Albarran (Beasain, 1990); Goiekiko eraikinean dute egoitza. 2020an hasi zuen ibilbidea Albarrenek, Donostian, Iruñean, Bilbon eta Arrasaten zituzten akademietan irakaskuntzako oposizioak prestatzen ari zirenei formakuntza emateko helburuarekin. Covid pandemia garaian, online bidea hartu behar izan zuten derrigorrean, eta bide horretan sakontzen jarraitzen dute, digitalizazioari esker «kalitate handiagoko zerbitzua» ematen dutelako.
Zer da Opoenea?
Hezkuntzako zentro bat da, non gure ardatza euskal hezkuntzako oposizioak prestatzea den. Oposizio prozesu horretan, formakuntza akademikoa eta emozionala ematen ditugu, formakuntza integrala eskainiz. Horretaz gain ere, bestelako formakuntzak eskaintzen ditugu erakunde publiko eta pribatuetan, enpresei eta bestelako erakundeei ere bai. Hitzarmenak ditugu unibertsitate publiko eta itunpekoekin. Adibidez, orain dela hilabete batzuk sinatu dugu azken lan hitzarmena Mondragon Unibertsitatearekin. Uhezi fakultatean aurrera eraman behar dugu oposizio prestakuntzako formakuntza bat. Aurrerapauso izugarria izan da. Arrakasta handia lortuko genukeen eskaintza bat da, hezkuntza formalean sartuko garelako.
Nondik nora sortu zitzaizun Opoenea sortzeko ideia?
Benetako behar batetik sortu zen Opoenea, nik neuk sumatu nuen behar hori hezkuntzako oposizioak prestatu nituenean. Nolabait, ez zegoelako leku bat formakuntza bat jasotzeko aukera ematen zidana, eta batez ere, emozionalki laguntza hori emango zuena. Pixkanaka hasi nintzen inguruko jendeari oposizioak prestatzeko laguntza ematen. Ikusita denbora gutxian arrakasta handia lortzen ari nintzela, pentsatu nuen enpresa batean egituratzea. Horrek suposatu dit inbertsio ekonomiko eta pertsonal handia. Ezerezetik zerbait sortzea lan izugarria da. Egia da gaur egun egoera polit batean aurkitzen garela.
Gaur egungo gazte askok funtzionario izan nahi dute.
Bai, lan baldintza oso onak direlako eta etorkizun baten alde apustu egiten dutelako. Funtzionariotza plaza bat betirako den plaza bat da. Beste enpresa askotan dauden lan baldintzekin parekatuta, aukerarik hoberena iruditzen zaie. Egia da esfortzua egiten duzula aurrez, baina gero daukazun saria, nik esaten dudan bezala, bizitza osorako da. Inbertsio handia da. Ez da gastu bat. Oposizio kurtso bat ez da merkea, baina inbertsio bat da, eta urte gutxitan errentabilizatzen da. Finantzatzeko modu desberdinak ditugu. Formakuntza akademikoa behar dutelako etortzen dira, baina hezkuntzako oposizio prozesuaren inguruan desinformazio handia dagoelako ere bai.
Prozesua luzea izaten da, eta osasun mentala kudeatzea ere ezinbestekoa.
Oposizio prozesu batean norberaren alderdi emozionala auto erregulatzeko gaitasuna izan behar da. Horregatik, osagarri moduan, coach emozionala sartu dugu. Beraien sentimenduak eta emozioak auto erregulatzeko eta helburu batzuk lortzeko estrategiak eta erremintak ematen dizkiegu. Askok azpimarratzen digute alderdi emozionalean egiten dugun mesedea. Frustrazioa ere kudeatu behar da, batzuetan ez dugulako lehenengoan lortzen.
Zein da Opoeneako ikasleen profila?
25-30 urte bitartekoak. Magisteritza bukatu eta bi-hiru urte pasatzen dituztenak eskola publikoetan ordezkapenak egiten. Baina gure errealitatea oso anitza da. Badaude 45 urtekoak ere, lan finko bat ez daukatenak, seme-alaba txikiak dituztenak, gurasoak zaindu behar dituztenak… Horregatik guretzat garrantzitsua da gure formakuntza pertsonalizatua eta guztiz indibidualizatua izatea. Bakoitzaren egoera horretara ondo iritsi ahal izateko. Bakoitzaren gaitasunak, ahultasunak eta interesak ezberdinak direlako.
«Oposizio prozesuan formakuntza akademikoa eta emozionala ematen ditugu»
Metodologia zein da?
Guztiz pertsonalizatua eta indibidualizatua da. Ikasle bakoitzak ditu saio pertsonalak bere tutore indibidualarekin. Klase guztiak online dira. Hau da, horrek aukera ematen du ikasleak nahi duten orduan, nahi duten tokitik, beraien tutorearekin harremanetan jartzeko. Asko eskertzen dute hori ikasleek. Ikasleen ordutegira moldatzen gara. Tutorearekin adosten du ikasleak.
Campus learning plataforma bat daukagu, oso hornituta dagoena. Bertan ditugu materialak: apunteak, eskemak, mahai mapak, organigramak eta guretzat oso garrantzitsua dena, azalpen bideo pilulak, gai edo kontzeptu bakoitzarentzat. Hori da ikasleei gehien gustatzen zaiena.
Mugikorrean ere eduki daiteke aplikazioa. Tutorearekin 24 orduan asteko zazpi egunetan hitz egin dezakete, audio edo idatziz komunikatu ahal izateko. Ikaslea eta irakaslea konektatuta daude eta elkarrekin lan egiten dute.
«Nik neuk sumatu nuen behar hori hezkuntzako oposizioak prestatu nituenean»
Digitalizazioaren onurak garrantzitsuak izan dira Opoenea proiektuarentzat.
Gure enpresa oinarri teknologiko handiko enpresa bat da. Teknologia horrek denak mesede egiten digu, horrelako tresnak eskaini ahal izateko. Nahi duzunean, nahi duzun orduan eta nahi duzun lekutik ikas dezakezu. Material guztia digitalizatuta egoteak aukera ematen du uneoro material hori aldatzen eta egokitzen joateko.
Garai batean apunteak liburu fisikoan izaten genituen eta hezkuntzan etengabe ateratzen dira dekretu berriak, eta eguneratu egin behar dira. Gainera, hezkuntza saila digitalizazio prozesu handi batean dago irakasleetan. Orain irakasleei ere eskatzen hasiko zaie digitalizazio aditu diploma. Momentuz ez da derrigorrezkoa, proposamena da, baina hemendik urte batzuetara derrigorrezkoa izango da. Irakasle izateko digitalizazio gaitasun hori eduki beharko dute eta guk digitalizazio horretan trebatzen ditugu.
Ze gomendio ematen diozue oposizioak prestatzen hastea erabakitzen duenari?
Nik beti esaten dut, zailena dela lehenengo erabaki hori hartzea. Behin erabakia hartuta daukagunean, guk esandakoa jarraitzea besterik ez daukazu. Zintzoki, entzun eta guk esaten duguna praktikan jarri besterik ez dago. Jende asko aurreiritzi oker askorekin etortzen da eta batzuetan ikasleei kostatzen zaie sinistea posible dela. Oposizio bat egin eta gero beti datuak ateratzen ditugu. Datu erreal horiek erakusten dute posible dela. Bidea oso luzea da eta kosta egiten da bidearen helmuga ikustea.