Lapueblatik Lazkaora berriz
Hamabost urteko etenaren ostean, Lapuebla de Labarcako ikasle talde bat Lazkaora etorri da gaur, hiru eguneko egonaldira. Ikastolarekin ariko dira, eta Maizpiden hartuko dute ostatu.
Lapuebla de Labarca (Araba) eta Lazkao berriro ere elkarrekin lotuko ditu, bi herrietako ikasleen arteko trukeak. Hamabost urtean etorri gabe egon ondoren, lapueblar talde bat gaur iritsiko da Lazkaora. Lau eguneko egonaldia egingo dute aste honetan, ostiralean itzuli bitartean. Lapueblako Assa ikastolaren, Lazkaoko San Benito ikastolaren eta Maizpide euskaltegiaren arteko elkarlaneko proiektua da.
Lehendik, 1997tik 2009ra egon zen martxan egitasmoa. Bi asteko egonaldia egin ohi zuten ikasle lapueblarrek Lazkaon orduan, eta lazkaotarrek ere itzultzen zieten bisita Ebroren ertzeko herrira. «Lapueblako ikasleek hizkuntza berariaz lantzea eta, aldi berean, euskaraz bizi den inguru batean murgilaldi bat egitea ziren helburuak, hizkuntza lantzeko motibazioa suspertzeko», gogoratu du Maizpideko zuzendari Laida Begiristainek orduko esperientzia.
Orain, hainbeste urte geldi egon ondoren, antzeko egitasmoren bat berriro ere martxan jartzea «egoki» irudituta, lau eguneko egonaldia prestatu dute. Maizpide euskaltegian hartuko dute ostatu, eta euskaltegian jasoko dituzten eskolez gain, hainbat jarduera egingo dituzte Lazkaoko ikastolako ikasleekin.
Bi herrietako ikasleen garai bateko hartu-emana berpizteaz gain, adin bereko Lazkaoko ikasleekin kultur irteerak egingo dituzte egunotan, eta Lazkaoko ikastolan adin bereko gazteekin proiektu-lanketa eta Lapueblako gazteentzat Maizpide euskaltegian hizkuntza-eskolak prestatu dizkiete.
Egunkari honen artxiboan gordeta dago 2006ko iraileko argazki bat, artikulu honen ilustraziokoa. Assa ikastolako ikasleak GOIERRIKO HITZAren bulegoan izan ziren bisitan, Beasaingo Pagorriaga baserrian bizi izandakoak artikulu bihurtzen eta erredakzioa ezagutzen. San Benito ikastolarekin harremanetan etorri ziren orduan, eta Maizpide euskaltegian bi aste igaro zituzten.