«Bertsolaritzan, ‘arerio’ izango dituzunekin prestatzen zara»
Bertsozale Elkarteak lau urtetik behin antolatzen duen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 14an jokatuko da, Donostia Arenan, 17:00etan. Finalisten artean dago Nerea Elustondo legazpiarra.
Goierriko ordezkari bakarra izango da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean: Nerea Elustondo Plazaola (Legazpi, 1981). Gaztetxotan hasi zen bertsolaritzan, makina bat plazatan eta txapelketatan zaildu da, eta bertsotan egite hutseko helburuarekin helduko dio larunbateko erronkari.
Aspalditik zabiltza bertsotan, eta txapelketetan. Nola hasi zinen bertsotan, noiz txapelketetan?
Aurten bete dira 30 urte bertso eskolara joaten hasi nintzela, eta handik oso denbora gutxira parte hartu nuen Eskolarteko txapelketan. Juanjo Sagastibeltzak gidatzen zuen Urretxuko bertso eskola, eta Goierriko taldeko kide moduan parte hartu nuen Eskolartekoan. Gero, txapelketa gehiago etorri ziren…
Gipuzkoakoan zenbatgarren aldiz parte hartu duzu?
Bosgarren aldia izango da.
Nola, zein talante edo asmorekin heldu zenion aurtengoari?
Hilabete asko pasatzen dira izena ematen dugunetik txapelketa hasi bitartean, eta talantea ere egunerokoarekin aldatzen da, baina ilusioz heldu nion aurtengoari.
Gustura geratu zinen finalerdian egindako saioarekin?
Bat-bateko jarduera bat da bertsolaritza, eta faktore askok parte hartzen dute bertan. Beti dago zer hobetua, baina nahiko konforme geratu nintzen nire lanarekin.
Puntuazioaren menpe geratu zinen, finalera pasa ala ez erabakitzeko. Zer sentimendu eragiten du horrek?
Ez da oso sentipen erosoa, egia esan, baina okerragoa izango zatekeen lehenengo unetik finalerako aukerarik gabe geratu izan banintz.
«Bat-bateko jarduera bat da bertsolaritza, eta faktore askok parte hartzen dute bertan»
Eta nola bizi zenuen azken finalerdia, sailkatuko zinen edo ez esango zizuna?
Banekien arreta jarriz gero tentsioan egongo nintzela, eta ez nituen azken bi saioak entzun.
Sailkatu zinela jakinda, gustura geratuko zinen.
Bai.
Orain, finala dator, larunbatean. Zer moduz zaude? Prestaketa bereziren batekin ari zara?
Bertsolaritzaren alderdirik ederrenetako bat da arerio izango dituzunekin elkartuta prestatzen garela. Horretaz gozatzen segi nahi nuke finala pasa arte, gutxienez.
Zein da helburua?
Bertsotan egitea.
Hurrengo hitzordu garrantzitsua, Euskal Herriko txapelketa da. Urrutiegi oraindik, agian?
Txapelketa bat bukatu aurretik ezingo gara hurrengoan pentsatzen hasi….
Eta bitartean, zer?
Bizi.