Zegamako Bele Gazte gaztelekuan prest dute Gabonetako egitaraua
Ostiral honetan Olentzero eta Mari Domingiri egingo dioten ongi etorria izango da lehenengo ekintza. Urtarrilaren 5era arte hainbat ekintza antolatu dituzte 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.
Gabonetako oporrak iristearekin batera, Zegamako Bele Gazte gaztelekuan 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako ekintza ugari antolatu dituzte. Abenduaren 13an hasiko dira; Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egingo diote Zegamako plazan, 18:30ean eta gaztelekuko kideak argi-zuziak eramaten aterako dira.
Abenduaren 21ean, San Tomas egunez, taloak egingo dituzte eta argazki lehiaketako sari banaketa ere egun berean egingo dute. Abenduaren 24an, bazkal ondoren, Gazte Herexa elkartekoekin batera baserriz baserri kantu eskean ibiliko dira; 18:00etan aterako dira Olaran auzoti, Olentzero eta Mari Domingirekin batera.
Abenduko azken astean berriz, zertan parte hartu izango dute herriko nerabeek; abenduaren 26an, Gabonetako bingo berezia antolatu dute. Abenduaren 27an, jolas desberdinen ginkana egingo dute; abenduaren 30ean gaztelekuko erabiltzaile ohia den Aimar Arrondo herritarraren eskutik, arte eta yoga saioa egingo dute; parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da gaztelekuan bertan. Azkenik, urtarrilak 5ean, Erregeen kabalgatan argi-zuziekin ateratzeko aukera izango dute berriz.