Altzagako bideko lanak bukatuta
Aldundiak GI-3871 errepidea zabaldu du Altzagan, bidearen segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko helburuarekin. Egindako lanei esker, 500 metroko tarte bat handitu ahal izan da, 6,35 metroko plataforma bat lortuz, bi ibilgailuren gurutzaketa segurua erraztuz
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izan da Altzagako GI-3871a handitzeko lanak egitea, Altzagarateko irteerarekin lotzen duen zatian. Egindako lanei esker, 500 metroko tarte bat handitu ahal izan da, 6,35 metroko plataforma batera iritsiz. Aldundiaren esanetan, “bi ibilgailuk zailtasunik gabe eta segurtasun-baldintzetan gurutzatu ahal izango dute aurrerantzean”. Lanak ekainaren 22an hasi ziren eta azaroaren 30ean amaitu ziren, 419.620 euroko inbertsioarekin.
Zabaltze hori lortzeko, “ezpondak behar diren puntuetan atzeratu dira, eta harri-lubetak” jarri dituzte. Gainera, “ur ugari dagoen gunea denez, drainatze sistema eta kunetak erabat berritu dira, bidearen erresistentzia baldintzak hobetuz”.
Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak esku-hartze horrek segurtasunean eta konektibitatean duen eragina azpimarratu du: “Obra hau beste urrats bat da tokiko bide-sarea hobetzeko Aldundiaren apustuan, eta hori funtsezkoa da gune horietan bizi direnen mugikortasuna eta ongizatea bermatzeko”.
Datorren urteari begira, GI-3871 errepidea tokiko bide-sarearen zoruak hobetzeko planaren barruan egongo da, Aldundiak landa-azpiegiturak mantentzeko eta modernizatzeko duen konpromisoa berretsiz.