Gabonetarako gozorik gabe geratzeko arriskurik ez dago Ordiziako azokan
Polboroi, mazapan eta mantekadu eskaintza zabala da, baita mahats edo aran pasak bezalako fruta tipikoena ere.
Goiz iluna eta hotza izan da gaurkoa Ordizian, baina halakoak izan behar omen dute garai honetakoak, egutegiaren arabera laster iritsiko delako negua. Eta neguarekin, Gabonak ere iritsiko dira. Bi aste besterik ez dira falta.
Gabonak ate joka direla nabarmena da ferian duela aste batzuetatik, eta egun horietarako produktuen eskaintza geroz eta zabalagoa da. Lore kontuetan, adibidez, badira asteazken batzuk Poinsetia edo Pazko Lore gorria erosi daitekeela, eta gaurtik kolore gehiagokoak ere badira aukeran: arrosa eta zuria, hain zuzen. Tamaina bat baino gehiago ere aukeran dira. 5 eta 12 euro artean erosi daitezke.
Gabonekin estu lotutako beste produktu batzuk gozo saltzaileen postuetan daude salgai. Bonboiak, polboroiak, mantekadoak, mazapanak eta girlatxeak estimazio handikoak dira data horiei begira, eta ferian mota eta zapore askotakoak daude aukeran, kiloa 8,5 eurotik 28 eurora bitartean. Fruta lehorrak ere tipikoak dira, besteak beste mahats pasak, pikuak, aranak, eta orejoiak, eta horiek ere dira falta ferian. Kiloa 5,5 eurotik 18 eurora bitartean dago. Frutetan ere, aukera oso zabala da.
Aukera zabala da, baita ere, udaberriko barazki landareen artean. Gaurtik, gainera, tipulin gorria ere erosi daiteke, eta ehuneko sorta 3,5 eta 4 euro artean dago salgai.
Asiako zaporeak
Gabonekin lotutako zaporeak bakarrik ez, Asiako jatorria duten barazkienak ere geroz eta ugariagoak dira, are gehiago Natalia Magallanes saltze lanetan hasi zenetik. Bidania-Goiatzeko ekoizle ekologiko honen postuan aukera zabala izaten da, eta gaur aurkeztu dituen berritasunen artean, beste txinatar aza (1,6 euro), bimi morea(10 euroan kiloa) eta mizuna edo ziape japoniarra (10 euroan kiloa) zeuden.
Martorria Mediterraneokoa da, eta kiwia Zeelanda Berrikoa, eta horiek ere bazituen Magallanesek, lehena 1,5 euroko sortan. Kiwia, berriz, Ustaritzen bildutakoa da, lagun baten etxaldean, eta kiloa 3,8 euroan du. Mikel Lasak ere bazuen kiwia, kasu honetan, Hernanikoa (4 euro).
Gertukoak ere, aukeran
Gertuagoko zaporeak proposatu ditu Jose Antonio Elosegi gabiriarrak, morkotxa deituriko sagarrarekin. Kiloa 3,5 euroan du salgai.
Bertakoa da, baita ere, Itziar Etxeberriak eta Josune Ormeñok eskainitako gaztanbera, ardi esnearekin egindakoa. Amezketako Oteiza Goikoa baserrikoa da postu horretan salgai duten gaztanbera, 250 gramoko ontzietan, 2,8 euroan bakoitza. Ardi esnearen gazura da bere osagai bakarra.
Perretxikoen eskaintza, azkenik, hauxe izan da: 25 kilo onddo (22-40 euro), 25 kilo mendiko angula (20 euro), 20 kilo ziza hori (30 euro) eta 20 kilo saltsa perretxiko beltz (20 euro). Barcinak amaitu du denboraldia, eta ez da udaberrira arte itzuliko.