Legazpiko Lau Katu elkarteak Goierri garaiko gainerako herrietako udalekin bildu nahi du
Hurrengo urteko aurrekontuetan kaleko katuen kudeaketarako diru partida bat sartzeko eskatu nahi de.
Legazpiko Lau Katu elkarteak Goierri garaiko beste hiru udal ordezkariekin bilera bat egiteko eskatu du, kaleko katuen kudeaketaz hitz egiteko. Datorren urteko aurrekontuetan gai horretarako diru partida bat jasotzea eskatu nahi diete, indarrean dagoen legeak ezartzen duena betez.
Lau Katukoek azaldu dutenez, Zumarragako eta Urretxuko udalei idatziz eskatu zieten gai horri buruzko informazioa, baina ez dute erantzunik jaso. Ezkio-Itsasoko alkatearekin, berriz, duela urte bete hitz egin zuten telefonoz, baina «gaur egun udalerri horretan ez da ezer egiten legedia betetzeko, egiten den gauza bakarra da bizilagunei jakinaraztea debekatuta dagoela katuak elikatzea, horren ardura eta kudeaketa osoa udalarena den bitartean».
Bitartean, hiru herrietako udalen«pasibotasunaren aurrean», herritar batzuk arduratzen dira kolonien kudeaketaz, «dirua euren patrikatik jarrita, animaliak antzutzeko eta elikatzeko. Eta hori udalen konpetentzia da».
Legazpin Lau Katu arduratzen da gai horretaz duela zazpi urte, eta «udalaren eta elkartearen arteko elkarlana estua izateaz gain, emaitzak oso positiboak dira». Horregatik, «beste udalerri horietan kudeaketarik ez egonda, ezin gara sorgor geratu, batez ere kontuan izanda kudeaketa egoki bat eginda dirua publikoa aurrezten dela, eta horretan inbertitzeko Animalien Eskubideen Zuzendaritza Orokorraren diru laguntzak daudela».