Legazpiko Udala eta Patrizio Etxeberriaren lantegiaren ondorengoak epaitegira eraman ditu langile ohi batek
Bietan lan egindako epean amiantoaren eraginpean egoteagatik mesotilema pleurala duela dio, eta kalte ordaina eskatu die. Astelehenean izango da epaiketa, Eibarren.
Legazpiko Udala eta Patrizio Etxeberriaren lantegiaren ondorengoak diren CIE Legazpi eta Sinedor Altzairu Bereziak enpresak epaitegira eraman ditu langile ohi batek, bietan amiantoaren eraginpean lan egitearen ondorioz duen mesotilema pleuralagatik eta aitortu zaion ezintasun absolutuagatik kalte ordainak eskatzeko. Eskatu duen kalte ordaina 363.418,92 eurokoa da, eta epaiketa datorren astelehenean, hilak 16, egingo da, 10:00etan, Eibarko Gizarte Gaietako epaitegian.
Erreklamazioa aurkeztu duen legazpiarrak 1970 eta 1971eko udetan lan egin zuen Patrizio Etxeberrian, eta 1976 eta 2016 artean Legazpiko Udalean. Osalan erakundeak azaldu duenez, litekeena da amianto zuntzak arnastu izana lan egin zuen garaian. Legazpiar hori, bestalde, amiantoaren eraginpean egon diren langileen Euskadiko Autonomia Erkidegoko zerrendan sartuta dago.
Amiantoren biktimen alde lan egiten duen Asviamie elkarteak deialdia egin du astelehenean, Eibarko epaitegiaren aurrean 10:15ean elkartzeko, langile ohi horri elkartasuna adierazi eta enpresei, lanean minbizia eragiten duten substantzien aurka segurtasun neurriak hartzeko eskatzeko.