Merkatu Txikia, Martin Pipas eta Neguko Azoka, astebururako proposamenak Legazpin
Herriko ikastetxeen eskutik, Gabon giroan murgilduko dira legazpiarrak.
Gabon giroan murgilduko da Legazpi asteburu honetan, herriko ikastetxeek jai esanguratsu horien atarian urtero antolatzen dituzten festekin. Larunbatean Merkatu Txikia eta Martin Pipasen ekitaldia izango dira Haztegi ikastolaren eskutik, eta igandean, Neguko Azoka, Domingo Agirrek eta Olazabalek antolatuta.
Larunbateko festa Latxartegi parkean izango da, ikastola ondoan. Merkatu Txikia 11:30ean irekiko da, eta denetik erosteko aukera izango da feria berezi horretan, musika eta dantza saioz girotuta. 12:00etan marrazkien txokoak jarriko dituzte martxan geletan. Festak segida izango du arratsaldean, Martin Pipasen ekitaldiarekin. Martin Pipas 16:30ean hasiko da Olentzerorentzako gutunak jasotzen, ikasleen Gabon kantuez lagunduta.
Igandeko Neguko Azoka Euskal Herria plazan eta Azokan egingo dute, 11:00etan hasita. San Tomas azoka izan da orain arte, baina antolatzaileek izena aldatu diote. Ohiko osagaiak izango ditu feria honek: taloak, txorizoa egiten ikasteko txokoa, gaztagintza, eskulanak, saskigintza, baserriko tresnen eta barazkien erakusketak, asto-txuxua, gaztaina erreak…