Ana Merchan izango da Goierriko odol emaileen delegatu berria
Axun Goikoetxea legorretarrari lekukoa hartuko dio. Gazteak odol emaile bihurtzea da elkartearen erronketako bat. Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteak 60 urte bete ditu eta Donostian ospatu dute.
Goierriko Odol Emaileak ordezkaritza taldean lekuko aldaketa izan da. Axun Goikoetxea legorretarrak kargua utzi du eta Ana Merchan beasaindarrak beteko du haren tokia. Goierriko delegatu berri bezala, Gipuzkoako Odol Emaileak elkartearen 60. urteurrenaren harira, ostiralean, Donostian egin zen ekitaldian parte hartu zuen Merchanek, Goierriko hainbat herritako delegatuek babestuta.
Odol emailea duela urte asko, «37 odol ateraldi» egin dituela kontatu baitu, «errespetuz eta gogotsu» hartu du kargua Merchanek, eta elkartearen helburuak aurrera emateko «kontzientziatuta» dator. «Guztion eskubidea eta doakoa da, behar denean odola jasotzea, ez da lehen bezala, pribilegiatu gutxi batzuen aukera zela; horrela izanda, uste dut, denok izan beharko genukeela odol emaile. Baina bide horretan, lan handia dago egiteko oraindik», nabarmendu du Merchanek. Momentu honetan, Goierri osoko datuei erreparatuz, 2.010 odol emaile daude. «Gehiago behar ditugu», esan du Mertxanek zalantzarik gabe.
Gaur egun odol emaileen elkartearen erronkarik handienetako bat, «gazteak inguratzea» dela azpimarratu du. «Gizartearen zahartzea gertatzen ari den aro honetan, kontutan izanda, 70 urtetik gorakoek odolik ezin dutela eman, berebiziko garrantzia dauka gazteen artean kontzientzia zabaltzea» borobildu du.
60 urte
Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteak 60 urte bete dituenean hartu du kargua Mertxanek. Hain zuzen ere, Gipuzkoan, lanera etorritako kanpoko jende asko zegoen garai hartan, eta gertuan, ez zuten odolik emateko seniderik edo lagunik. Testuinguru horretan, erizain talde bat hasi zen gaixoei eta behar zutenei odola ematen. Beharrak asetzeko ez zen nahikoa ordea, eta erizain haiek, inguruan zuten jendea odol emaile egitera animatu zuten, eta baita lortu ere. Pixkanaka-pixkanaka, jende gehiago batu zitzaien, elkartea sortu zuten arte. 1964koa da lehenengo akta.
Harrezkero, hedatzen joan zen elkartea, eta ostiraleko ekitaldiarekin, urte hauetan guztietan odol emaileen alde lan egin dutenei aitortza egin zieten.
Intsignia banaketa
Urteurren borobilaz harago, Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteak urtero-urtero eskertzen ditu odol emaileak. Hala, herriz herri, delegaritza bakoitzak intsignia banaketa egin ohi du, aitortza egiteko. Ormaiztegin eta Idiazabalen asteburuan pasa den asteburuan banatu zituzten. Abenduaren 21ean, Ordizian eta Beasainen banatuko dituzte, eta urtarrilaren 18an, Lazkaon. Gainontzeko herrietako datak, aurrerago jakinaraziko dituzte.