Katalina amaren eta amonaren oroimenez
Katalina Goia Murgiondoren ‘Libro de cocina’ errezeta liburuaren laugarren edizioa aurkeztu dute Seguran. Haren bilobek ondu dute argitalpena. Salgai jarri dute hiru liburu-dendatan.
Segurako XVIII. Euskal liburu eta disko azokaren irekiera ekitaldia baliatu dute Katalina Goia Murgiondoren (Mutiloa 1911-Segura 1979) bilobek sukaldari ezagunaren Libro de cocina errezeta liburuaren laugarren edizioa aurkezteko. Joan den ostiralean izan zen, Botikaxar kulturgunean.
Haren hiru bilobek egin zituzten aurkezpen lanak, Iñaki Zubizarretak, Nagore Etxezarretak eta Maitane Legarretak, eta tartean izan ziren Goiaren bi seme-alaba, Juanjo eta Ixabel Etxezarreta. 1950. urtean argitaratu zuen Goiak liburua lehen aldiz, Beasainen, eta 1966an eta 1979an –hil zen urtean– izan ziren hurrengo bi argitalpen nagusiak. «Amonari egindako aitortza eta omenaldi gisa» publikatu dute laugarrena.
Etxe askotako sukaldean
Goierriko etxe dezentetan dute ezaguna Goiaren liburua, altxor preziatuaren pare jasoa horietako askotan. Liburuak 525 errezeta ditu, bost ataletan banatuta: Hasierakoak, Arrainak, Haragiak, Postreak eta Izozkiak. «Errezetak argiak eta laburrak dira, sukaldaritzan oinarrizko ezagutza dutenentzat, eta beraz, gehienetan ez du kantitateen eta denbora-unitateen inguruko informazio zehatzik ematen».
Errezeta liburuari Goiaren biografia, eta aitortza eta eskertza atal bat gehitu dizkiote
Bilobek «bere horretan» mantendu dute amonak idatzitakoa. «Garai hartako egiteko eta adierazteko moduen isla da, eta diktadura garaikoa izanik, gaztelaniaz idatzita dago, bera euskaldunak izan arren». Errezeten liburuari amonari buruzko biografia erantsi diote, argazkiz lagunduta, eta baita aitortza eta eskertza atal bat ere. Bi atal horiek euskaraz eman dituzte argitara. Aiert Izagirre sukaldari segurarrak Goiaren bi errezetatan oinarrituta jarritako mokadutxoa dastatuz bukatu zuten aurkezpena.
Liburua eskuratzeko bideak
Seguran saldu zituzten lehen aleak, eta aurrerantzean Goierriko hiru liburu-denda ezagunetan erosteko moduan dago –Beasaingo Mirentxu, Ordiziako Mujika eta Lazkaoko Gerriko–, baita posta elektronikoz eskaria eginez ere (katalinarenliburua@gmail.com). Hogei euro balio du.