Oiarbideren ‘Belaunaldien pausoa’-k irabazi du argazki lehiaketa
Caminosen ‘Merkatuan loturak ehuntzen’ izan da bigarren lan onena. Aurten, berrikuntza moduan, ohiko diru sariaz gain, urte beterako Hitzakideren harpidetza jaso dute opari irabazleek Segurako Udalaren eskutik.
Banatu dituzte Seguran, 2025eko egutegia irudiz jantziko duten argazki lehiaketako sariak. Aurten Harremanak gaia izan da lehiaketaren zioa. Naiara Oiarbide Begiristainen Belaunaldien pausoa izeneko argazkia izan da epaimahaiaren iritziz lanik onena eta Garazi Caminos Aldanondoren Merkatuan loturak ehuntzen izan da bigarrena.
Guztira 15 parte hartzaileren 30 argazki jaso dituzte aurtengo lehiaketan. Horien artean 12 lan aukeratu zituzten, 2025eko egutegian hilabete bakoitza atonduz agertuko direnak. Irailarekin egokituko da argazki irabazlea eta martxoarekin bigarrena.
Iker Presa Sanchez, Erkuden Elorza Jauregi, Jon Irizar Azkarate, Eskarne Berriozabal Ussia, Aitziber Hernandez Madinabeitia eta Segurako Haurreskolak aurkeztutako argazkiak izango dira, gainontzeko hilabeteetan agertuko diren argazkiak. Iosune Arrondo Areizaga kultura teknikaria izan da idazkaria.
Sari banaketa ekitaldia pasa den ostiralean egin zuten, Botikaxaharran, 18. euskal liburu, disko eta jostailuen azoka irekitzearekin batera. Epaimahaia argazkigintzan dabiltzan hiru lagunek eta Segurako liburuzainak osatu dute: Jon Berasategi Larrea, Jesus Generoso Chica, Anaitze Jauregi Larraona eta Celes Goitia Lasak. Iosune Arrondo Areizaga Segurako kultura teknikariak egin ditu idazkari lanak.
Irabazleak 250 euroko diru saria jaso zuen eta bigarrenak 100 eurokoa. Aurten, berrikuntza moduan Segurako Udalaren eskutik urte beterako Hitzakideren harpidetza ere jaso dute irabazleek. Iosune Arrondo kultura teknikariaren hitzetan “saria tokiko hedabideei eta proiektuei laguntzeko bide ere” bada.