Kartelak eta pankartak, Legazpiko garai bateko giro politikoa ezagutzeko
Aurelio Gonzalezen bildumatik abiatuta, ikusgai jarriko dituzte Fabrika gunean, gaur. Erakusketa urtarrilaren 19ra arte egongo da zabalik.
Legazpiko 1984 eta 1998 arteko giro politikoa ezagutzeko aukera eskainiko du Lenbur Fundazioak, Txillida Lantokiko Fabrika gunean ikusgai jarriko duen erakusketan. Urte haietan herriko paretetan jarritako kartelekin eta pankartekin eta egindako pintaketekin Aurelio Gonzalezek osatutako bilduma izango da iraganerako bidai horren gidaria.
Politika fatxadetan, 1984-1998. Legazpi da erakusketaren izenburua, eta gaur inauguratuko dute 19:00etan. Urtarrilaren 19ra arte egongo da ikusgai, ostiraletan 17:00etatik 19:00etara, larunbatetan 11;30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era egongo da ikusgai.
Aurelio Gonzalez da argazkien eta dokumentazioaren arduraduna, Txakel Urarte eta Bittor Larraza arduratu dira diseinuaz, Lenbur Fundazioa eta Legazpiko Udala antolatzaileak dira, eta Kultur Etxea, Fernando Martinez de Albeniz, Josean Larrea, Carlos Gonzalez, laguntzaileak.
700 diapositiba inguru
Egitarau, kartel eta era askotako dokumentuak bildu eta gordetzeko zalea izan da Aurekio Gonzalez, eta urteen poderioz osatu duen bildumaren zati txiki ba da gaurtik Fabrikan ikusgai jarriko duena. Garai hartan herrian zegoen giro politikoa azaltzea da helburua.
Erakusketako guneetako batean proiekzioak egingo dituzte telebista pantailatan. «Gutxi gora behera 700 irudi izango dira», azaldu du Gonzalezek, 1984 eta 1998 Legazpiko kaletako kartelei, pankartei eta pintaketei ateratako diapositibenak. «Garai hartan, kultur ekitaldiak iragartzen zituzten kartelak lasai asko kendu eta jasotzen nituen behin data igarota, baina kartel politikoekin beste gauza bat zen. Horregatik, diapositibak ateratzen nizkien. Hamabost urtetan 2.200 inguru aterako nituen». Horien hautaketa bat da proiektatuta ikusiko dena erakusketan.
Irudi batzuk «bitxiak» dira, paretetan margotutako «artelan batzuk» adibidez. «Gaur egin existitzen ez diren alderdi politikoak ere ikusiko dira, Argi Ibili bezala. Hautagaitza bakarra aurkeztu zuen, eta mezu harrigarriak zabaltzen zituen, kanpoko pankartan ikusten dena bezalakoa, Tankes si, pero de cerveza esaten duena». Izan ere, erakusketa girotzeko, museo kanpoaldean hainbat kartel eta pankarten erreprodukzioak jarri dituzte, Argi Ibilirena bezala.
Kartel fisikoak ere izango dira erakusketan, baita hauteskundeei begirako propaganda politikoa ere, 1979tik hasita.
Erakusketa honek «galdutako hainbat txoko» gogoratzeko ere balioko duela zehaztu du Gonzalezek. «Herrian baziren pankartak eta kartelak jartzen ziren lekuak, Apatxoko ondoko pareta, lehengo pilotalkua edo Eslesa zinema, adibidez, eta desagertuta daude gaur egun».