Movember kanpainaren balorazioa egin du Goierri Moherrik
Diru bilketan 7.216 euro bildu dituzte, Goierrin jarritako 80 itsulapikoetan. Eskerrak emateko aprobetxatu du Goierri Moherri taldeak kanpainaren amaiera.
Goierri Moherri taldeak 2024ko Movember kanpainaren balorazioa egin du. Diru bilketari dagokionez, “Goierriko taldea Estatuan seigarren geratu da, 7.216 euroko zenbatekoarekin”. Diru hori lortzeko 80 itsulapiko banatu dira gure eskualde osoko establezimenduetan, “eta hauek denon esfortzuari esker bete dira”.
Aipamen “berezia” egin nahi izan diete Lazkaoko Tri-Antzar kirol taldeari, “urtero egiten baitu ekitaldi bat, eta haiek lortutakoarekin ikerketa proiektuetara bideratzen den diru kantitatea handitzen da”, eta Rafa Gorrotxategiren txokolatezko bibote solidario egitasmoari. “Eta azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu aurtengo merchandising produktu berriak erosi dituzten pertsona guztiei, hala nola motxilak eta poltsak”.
Sentsibilizazioari dagokionez, Goierriko kirol kluben lankidetza “funtsezkoa izan da, Movember mugimenduari bere partidetan ikusgarritasuna emanez”. Eskerrik asko, beraz, futbol, saskibaloi, errugbi eta igeriketa klub goierritarrei.
Prebentzio saioak
Prostatako minbiziaren, barrabilen eta suizidioaren prebentzioaren aurkako borrokan sentsibilizatzeko eta dirua biltzeko mugimendua da Movember. Lehenengo bi gaixotasunak erabat maskulinoak dira, eta azkeneko fenomenoak batez ere gizonengan du eragina. Horren harira, “prestakuntza eta prebentzioa eskutik joan dira Beasainen eta Ordizian antolatu ziren hitzaldi arrakastatsuetan. Hitzaldi horiek suizidioa eta prostatako minbizia prebenitzeko izan ziren, eta bi gai horietan adituak diren hiru medikuk egin zituzten”.
Azkenik, Urola Garaiko Movember talde berriari ere keinu egin diote. “Goierri MoHerrik bere lehen urratsetan lagundu dio, bere kanpaina-aurkezpenean, hitzaldietan eta merchandising salmentan parte hartuz”.
Esker gehiago
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiete “Eukene Lekuona diseinatzaile grafikoaren laguntzari, Argazki Ordiziako Javier Carrizori, Graficas Aralarri, Ordizia, Beasain eta Lazkaoko udalei eta Atzegi, Bakuntza eta Garaguneko gure lagunei, haiek gabe kanpaina ez baitzen posible izango”.