Altxa Burua Legazpi taldea aurkeztu dute
Telefono mugikorren eta pantailen gehiegizko erabileraz arduratuta dauden familiek ekimenez sortu dute taldea. Diagnostikoa egin ondoren, ekintza plaza prestatu dute 20025erako. Hasteko, 'Gurea erabili dezakezu' kanpaina jarriko dute martxan, eraikin publiko, denda eta tabernetan haurrei eta gaztetxoei bertako telefonoa erabiltzeko aukera eskainiz.
Haurren eta gazteen artean telefono mugikorren eta pantailen gehiegizko erabilerari aurre egiteko asmoz Legazpin sortu den Altxa Burua taldea aurkeztu zuten atzo udaletxean, orain arte egindako lanaren berri eman eta datozen hilabeteetarako ekintza plana azaltzearekin batera. Gainera, egun hauetan martxan jarriko duten Gurea erabili dezakezu kanpaina ere aurkeztu zuten.
Legazpiko Altxa Burua udaleko eta ikastetxeetako ordezkariek eta herriko hainbat gurasok osatu dute. Gurasoak izan ziren, hain zuzen, bere sorreraren eragileak. Taldea irekia da.
Familien eta ikasleen artean egindako diagnostikoarekin abiatu dute lana. Familien artean ardura, mugak jartzeko beharra eta prebentzioaren premia agertu dira. Ikasleak, berriz, kontziente dira pantailak gehiegi erabiltzen dituztela, batez ere sare sozialak, eta menpekotasun puntu bat dutela, eta badakite erabilera horrek eragina duela gizarte harremanetan eta osasun emozionalean. Pribatutasunaren gaiaz ere arduratuta daude.
Horri guztiari aurre egiteko, ohitura digital osasungarrietan formazioa emango dute 2025ean zehar. Hasteko, Maitane Ormazabal adituak gaiaren inguruko hitzaldia egingo du, urtarrilaren 20an. Gainera, mugikorrik gabeko espazioak edo arnasguneak zehaztuko dituzte herrian.
‘Gurea erabili dezakezu’
Bestalde, Gurea erabili dezakezu kanpaina jarriko dute martxan, merkatariekin eta ostalariekin elkarlanean. Hala, kalean dabiltzan haurrei eta nerabeei bertako telefonoa erabiltzeko aukera emango diete eraikin publikoetan eta hainbat establezimendutan, horren beharra dutenean. Leku horiek behar bezala identifikatuta egongo dira, propio sortutako ikurrarekin.