Garagartza plazari agur esan diote gaur saltzaileek
Plaza Nagusira, ohiko lekura itzuliko dira hurrengo asteartean, Gabonetako feria bereziaren egunean. Agurrerako, ezti berria, eperrak eta mihura aurkeztu dituzte.
Ezti berriarekin, eperrekin eta mihurarekin agurtu da Ordiziako feria Garagartza plazatik. Hurrengo asteartean, Gabonetako azoka bereziarekin batera, Plaza Nagusira itzuliko dira saltzaileak, gogotsu gainera.
Ezti berria Jon Etxeberriak aurkeztu du, bi mota desberdin. Bata, gurbitza eztia zen, Arabako Kanpezun egindakoa, «fuerteagoa, garratzagoa, astringentea, eta beltzagoa», azaldu duenez. Bestea, basoko eztia deiturikoa zen, hori ere Arabakoa, baina Zalduondokoa. Bi ezti mota berri horien kiloa, beste Gozatu ezti guztiena bezala, 14,20 euroan zuen salgai Etxeberriak.
Eperrak, Mikel Lasaren postuan jarri dituzte salgai. Zortzi pieza zituen, bakoitza 10 euroan. Perretxiko berri bat ere aurkeztu du Lasak, shiitake deiturikoa. Hamar kilo zituen, 20 euroan kiloa. Gainera, 20 kilo niskalo (20 euro), 30 kilo saltsa perretxiko beltz (20 euro), 15 kilo mendiko angula (20 euro) eta 30 kilo ziza hori (30 euro) ere izan ditu aukeran, baita usoak ere (7-9 euroan bakoitza). Onddo freskorik ez zuen, baina lehorrak bai, kiloa 130 euroan, baita olioan kontserbatuta ere, 325 gramoko poteetan, bakoitza 8,5 euroan.
Berritasun gehiago
Produktu berri gehiago ere aurkeztu dituzte gaur. Maite Zurutuzak, adibidez, Aramako kiwiak jarri ditu salgai (5 euroan kiloa), eta Gabonetan apaingarri gisa erabiltzen den mihura ere bai, adarra 3 eta 5 euro artean. Miren Jauregik, berriz, Nafarroako Arbizutik ekarritako baba txikia eraman du, kiloa 8 euroan. Eta Simon Aizpuruk, Errezilgo indaba beltza, «segundakoa», kiloa 9,5 euroan.
Aipatu behar, baita ere, gaur denboraldia amaitu duela Jose Mari Uzin azkoitiarrak, eta maiatzera arte ez dela itzuliko dela tomate berriekin. Denboraldi ona egin zuela esan du.
Astigoxo, berriz, Gabonetarako enkarguak jasotzen ari da egun hauetan, eta oraindik badago horretarako aukera, 699 864 847 telefono zenbakira deituta.
Sukaldariak, erosten
Amaitzeko, erosleen artean kostaldeko sukaldariak ikusi direla esan behar da. Udaletxeko arkupeetan jokatu den txistorra lehiaketan epaile lanak egitera etorrita ziren, eta erosketak egiteko baliatu dute lehiaketa hasi aurreko tartea, Roberto Ruizek lagunduta. Hondarribiko Laia jatetxeko Jon Ayala eta Alamedako Gorka Txapartegi, eta Getariko Kaia jatetxeko Lidia Olaizola ziren. Joaquin Benito gastronomia dibulgatzailea ere taldean zen.