Legazpiko auzoen alde lan egiteko gogoz
Herriko auzoen egoera ezagutarazteko eta salatzeko firma bilketa ari da egiten Haritz Artzelus. Auzoak Bizirik Legazpi ekimena sortu du, auzotarrei ahotsa emateko helburuz.
Legazpiko auzoen egoera salatzeko eta udalari esku hartu dezan eskatzeko, firma bilketa kanpaina abiatu du herritarren artean duela egun gutxi Haritz Artzelusek. Aurrez aurre eta sare sozialen bidez egindako lanaren emaitza, 500dik gora sinadura dira, momentuz.
Kanpainak aurrera jarraitzen du, eta dimentsio berria hartuko du laster, Auzoak Bizirik Legazpi ekimenaren sorrerarekin. Firma bilketak eragin duen zalaparta eta mugimendua herritarren arteko elkartasunerako eta auzolanerako baliatu nahi du Artzelusek.
San Martinetik herri osora
Artzelus donostiarra da, baina Legazpin bizi da duela sei urte, San Martin auzoan. Aspaldi zebilen bizilagunak elkartzeko asmoarekin, auzoan eta ondo-ondoan dagoen San Ignazion bizi duten egoera «tamalgarria» salatzeko. Sinatzeko prestatutako dokumentuan hainbat arazo zerrendatzen ditu: «Saretak, arketak eta abar mantentzeko lanak; kaleak eta espaloiak garbitzeko lanak; zuhaiztia; putzuak eta etxeetako hezetasunak; espaloi, arrapala eta eskaileren egoera txarra; argiztapen eskaseko eremuak; aparkaleku egokien falta…». Horren guztiaren aurrean, auzotarrek duten sentipena «utzikeriarena» dela dio.
Argi utzi nahi du, bestalde, ekimena San Martinen eta San Ignazion sortu bada ere, «herriko auzo guztietara» zabaltzen dela. «Beti entzun izan dut auzoetan ez dela ezer inbertitzen, eta kalean dena inbertitzen dela». Hala ere, «kalean» bizi direnen aldetik ere elkartasun zabala jaso dutela argitu du.
Eta elkartasun hori, herri osoko biztanleena, azpimarratu nahi du Artzelusek. «Egundoko harrera izan dut, eta esan dezaket lortu dudala bilatzen nuena. Nire helburua herria esnatzea zen, kontzientzia piztea, eta lortu dut». Eta hori, oso azkar lortu du, gainera. Orain beldurrez dago, guztia ez ote den azkarregi hustuko, eta «horregatik, estrategia aldatu behar izan dut».
Udalarekin harremana
Firma bilketa martxan jarri eta gutxira, udal ordezkarien deia jaso zuen, eta «sorpresa adierazi zidaten, ez zutelako espero. Ni argi utzi nahi dut nire idatzian ez noala gaurko agintarien kontra. Arazo hau atzetik dator. Gertatzen ari dena ez da gaurko alkatearen errua, baina bada bere erantzukizuna egoera konpontzea. Udala da gure eskariak egiteko gunea, ez dago besterik».
Bi alderdiak auzoan bertan elkartzeko geratuta daude, aipatu arazo guztiez hitz egiteko. «Fede onez etorriko direla badakit, baina datorren urterako aurrekontuak onartzeko atarian gaude, eta sumatzen dut esango dutela ezingo dutela ezer egin, ez dagoelako partidarik aurreikusita horretarako. Baina ea larrialdiko partidaren bat sortzen duten, behintzat, San Martineko eskailera nagusiak konpontzeko, adibidez».
Erreakzionatzeko denbora gutxi izan dutela argi du, baina presio sozialak eraginda zerbait egingo duten itxaropena badu Artzelusek.
Auzoak Bizirik Legazpi
Artzelus ez dabil bakarrik. Bidean jaso dituen kolaboratzaileen artean, Eñaut gaztearen nabarmendu du. Horren laguntzaz, sare sozialetara eta internetera egin du salto ekimenak, Auzoak Bizirik Legazpi izenarekin. Facebook-en kontua ireki dute, eta posta elektroniko bat ere badute, herritarren ekarpenak jasotzeko. «Bakoitzak bere auzoan ikusten duen arazoaren berri emateko eskatzen diogu, argazki eta guzti. Aldarrikapena etengabea izatea nahi dugu».
Salaketa eta aldarrikapenetik harago, ekintza zehatzak ere baditu buruan Artzelusek, auzolana tarteko. «Ez dira ekintza politikoak izango, herrikoiak baizik, xumeak, Erreka Egunaren antzekoak, adibidez, Lakiolara mendi irteera egitea, Bikuñara joatea beste egun batean argiztapen eskasagatik hango gune ilunak ezagutarazteko… Hori izango litzateke hainbeste gustuko duen Legazpiri egin nahi dion ekarpena.
Hona hemen San Ignazio eta SAn Martin auzoen egoera salatzeko Artzelusek erabilitako argazki batzuk: