Legazpiko Udalak aurrera jarraitzen du San Martin auzoko txabolen eraisketarekin
Lursail bat erosi du aste honetan, eta bertan dauden txabolak laster botako ditu. Inguru horretan herritar guztientzako aisialdi eremu bat egokitu nahi du.
San Martin auzoko lursail bat erosi du udalak, eta bertan dauden etxolak eraitsiko ditu. Auzoan etxolekin dagoen arazoari aurre egiteko konpromisoa betetzeko erosi du saila. «Bizikidetzaren, osasungarritasunaren eta segurtasunaren arazoari irtenbide bat emateko», udalak txabola guztiak eraitsi nahi ditu, eta «herritar guztiek gozatzeko eta erabiltzeko espazio ireki bat» egokituko du.
Iazko urtearen amaieran hasi zen udala, eta bere jabetzako etxola bat bota zuen. Hurrengo hilabeteetan inguruko lursailen jabeekin harremanetan jarri zen, sail horiek erosteko asmoz. Zatirik handiena aste honetan erosi du, eta hori 2025ean berrantolatzea da helburua. Plan bat diseinatuko du horretarako, eta, hasteko, txabolak bota eta sortzen diren hondakinak jasoko ditu. Gero, errekastoa berreskuratuko du, eta ingurua ber-naturalizatu egingo du, herritarren aisialdirako.
Eremu horrek 2.958 metro koadro ditu, eta udalak 76.000 euro ordaindu du. Beste eremu bat ere erosiko du laster, 1.700 metro koadrokoa.