Bihar hasiko da Zeraingo Olentzero solidario ekimena
Gaur arratsaldean Gabonetako kantaldia izango da Liztormendi elkartean. Martxan da baita Zeraingo gazteek antolatzen duten Gabonetako saskien lehiaketa.
Beste urte batez, Olentzero solidario ekimena antolatu du ZerainLabek. Ohi bezala Zeraingo herri ZerainLab-i pasatuko dio sinbolikoki bilketarako testigua. Gaur arratsaldean izango da ekimena, Liztormendi elkartean 15:30ean antolatu duten Gabonetako kantaldiaren ostean. Kantu saioa amaituta, herri eskolakoek dirua biltzeko antolatu duten saski solidarioaren zozketa egingo dute eta horrekin batera hartuko du ZerainLab-ek bilketarekin jarraitzeko ardura.
Azken urteetan bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin elkarlanean egingo du bilketa ZerainLab-ek. Aurten ere, beharrean dauden Euskal Herriko familiei laguntzeko bideratuko da jasotakoa. Bihartik urtarrilaren 7ra bilduko dute dirua, Mandio eta Ostatu tabernetan.
Gazteen saskiak
Bestalde, gogoratu martxan dela baita ere, Zeraingo gazteek urtero antolatzen duten Gabonetako saskien lehiaketa. Bi saski zozkatuko dituzte parte hartzaile guztien artean. Mandion eta Ostatun daude jada izena emateko orriak. Parte hartze bakoitzak 2 euro balio du.