Eider Saez, lehen disko luzearekin plazara
Aurreneko disko luzea atera du musikari lazkaotarrak, ‘Nola aldatu gara?’. Aldaketa pertsonalen eta ikuspegizkoen xerka aurkitutako erantzuna da.
Orain arteko lanik garrantzitsuentzat jo duena aurkeztu du Eider Saez musikari lazkaotarrak: Nola aldatu gara? diskoa. Abesti berriak idazten ari zela otutako galdera horren erantzunak dira: «Konturatu nintzen nire perspektiba eta iritzia gauza askotan asko aldatu zela, denbora oso motzean. Ni neu ere asko aldatu naiz. Hortik tiraka sortu zaizkit abestiak». Diskoak «barrura» begiratzen du, eta galderari erantzunak ematen saiatu da abestiekin.
Zortzi abesti ditu diskoak. «Oso pozik» dago emaitzarekin eta kontatu duen historiarekin. Loratzen izeneko EP esperimental bat bazuen Saezek. Orain, iraupen luzeko lana «lehenengo disko» modura hartu du berak. «Lan honekin garbi neukan ideia bat, zer unibertso mota sortu nahi nuen; abesti guztiek historia bat kontatzen dute, lana bere horretan borobila eta koherentea da».
«Abesti guztiek historia bat kontatzen dute, lana bere horretan borobila eta koherentea da».
Eider Saez. Musikaria
Abestiak Saezek idatzi ditu, bai musika, bai hitzak. Lazkao Txiki Musika Eskolan gitarra ikasi bazuen ere, pianoan konposatu ditu. Ekoizpenean bidelagun Iker Villa eta Oihan Moreno izan ditu. «Mungia ondoan daukate estudioa, baserri eraberritu batean. Oso goxo egoten da han, eta hantxe sortu dira abesti guztiak». Marenek kolaboratu du Negua aurrerapen abestian. «Prozesua oso erraza izan zen». Nogen taldeko abeslari izateari utzi ondoren, 2022an hasi zuen bakarkako ibilbidea Eiderrek.
Durangoko Azokan izan ondoren, Lazkaoko liburu azokan aurkeztu zuen lehengo ostiralean diskoa, herrikideen aurrean. Pirinioetan eta Negua abestiak eskaini zituen.
Diskoaren bira hasi du, Derion eta Durangon, baina datorren urteko emanaldiak iragartzeko ditu oraindik. «Urtarrilaren 25etik aurrera hasiko gara. Hemendik oso gertu, edo agian Lazkaon bertan, joko dugu, urte hasieran. Aurki iragartzea espero dut».
Lehenbizi, diskoa etxean «lasai» entzuteko aholkatu die zaleei. «Nik uste neguan eta lasai entzuteko diskoa dela. Zuzenekoetara, ahalik eta finenen eramaten saiatu gara, eta oso pozik nago emaitzarekin».