Euskal Magoen bigarren galak irekiko ditu Gabonetako ekintzak Legazpin
Eneko Gutierrez ilusionista legazpiarrak antolatu du, bigarren urtez. Iagomago, Eleder Magoa eta Kalte Kolektiboa dira aurtengo partaideak. Gutierrez Saharatik etorri berria da.
Euskal Magoen bigarren galak inauguratuko du ostiralean Legazpin Gabonetarako prestatu duten ekitaldien egitaraua. Magia ikuskizuna Latxartegi aretoan izango da, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ webgunean, 5 euroan. Bihar bertan ere erosi ahal izango dira Latxartegiko leihatilan, 18:00etatik aurrera.
Eneko Gutierrez ilusionista legazpiarrak antolatu du euskal magoen galaren bigarren edizio hau ere, eta Iagomago, Eleder Magoa eta Ander Lacallek, Eider Villalbak, Omar Somaik, Gaizka Sarasuak, Iholdi Beristainek eta Oihan Carramiñanak osatzen duten Kalte Kolektiboa gonbidatu ditu oraingoan.
Iago Azkue da Iagomago, eta Gutierrezek azaldu duenez, “bere magia oso bisuala da, oso dibertigarria eta oso interesgarria eta originala aldi berean”. Eleder magoa, berriz, Eleder Iglesias da, eta magia komikoan oinarritutako saioa egingo du. Kalte Kolektiboak, berriz, antzerkia eta “gorputzaren magia” uztartuko ditu. Gutierrez gala aurkezteaz arduratuko da, magia komikoa erabiliz.
Saharatik bueltan
Saharako kanpalekuetan elkartasun bidaia bat egin eta gero igoko da Latxartegiko taulatu gainera Gutierrez, eta aitortu duenez, “urduri eta gogoz” dago hitzorduaren aurrean, “lan guztia egina dago, eta orain gala hasteko zain nago”. Orain arte mago gisa aurkeztu bere burua, baina orain ilusionista erabiltzen du horretarako. “Gauza bera dira, baina magia azkenean da ilusioaren mundua. Magok egiten duguna da ilusio batzuk sortzea, jendeak magia gisa ikusten dituenak. Nik nahiago dut ilusionista hitza”.
Ilusio hori Saharako errefuxiatu kanpalekuetaraino eraman berri du, Oiartzungo Elwatan elkartearen bitartez. Zortzi eguneko bidaia izan da, eta sei magia ikuskizun eskaini ditu han, bisitatu duten kanpaleku berean dauden sei eskolatan. “Oso esperientzia polita” izan dela aitortu du Legazpiko ilusionistak, “asko ikasi dugu, bizimodu desberdinak ikusi ditugu, eta hori polita da”. Hango haurrek magiarekin asko gozatu dutela dio, “magia besterik ez dute ikusten, ez dituzte ikusten magia hori sortzeko guk egiten ditugun trukoak, oso naturalak dira”.
Agenda beteta
Esperientzia berriz errepikatuko lukeela aitortu du, baina aurretik hitzordu batzuk ditu betetzeko, agenda bete-betea duelako datozen egunetarako: hilaren 26an Adunan, hilaren 27an Nafarroako Sarrigurenen, hilaren 28an Usurbilen, hilaren 29an Tolosan, urtarrilaren 3an eta 4an berriz ere Sarriguren…
Horiek Gabonetako agendako datak dira. Urtarrilean oporrak hartuko ditu, eta ondoren, buru-belarri hasiko da martxorako kaleratu nahi duen ikuskizun berria prestatzen.