Movember Legazpik eskerrak eman dizkie kanpainan parte hartu duten guztiei
420 euro bildu ditu Legazpiko taldeak ekarpenei esker. Derioko CICBiogune zentroko Arkaitz Carracedo doktorearen ikerketa proiektura bideratuko dute dirua.
Legazpiko Movember taldeko kideek eskerrak eman dizkie hedabideetara helarazitako ohar baten bidez kanpainan parte hartu duten guztiei, azaroan alboan izandakoei.
Eragile eta talde ezberdinak aipatu dituzte oharrean: “herritarrei bibotea uzteagatik eta dirua emateagatik; Garaguneari biboteak egiteagatik, poltsak margotzeagatik eta umorez kolaboratzeagatik; Ilintiri gizonezkoen gaixotasun batzuen aldeko mugimenduari buruzko informazioa ematen kolaboratzeagatik; Legazpiko Tabernari Elkarteari eta Hegialdeko Tabernariei pintxopotean kolaboratzeagatik; osasun zentroari urologoaren hitzaldia errazteagatik; eta udalari udaletxea gorriz argitzeagatik”, adierazi dute.
Azaroan ekintza ezberdinak egin ditu Legazpiko taldeak gizonen gaixotasunen eta osasun mentalaren inguruan kontzientzia pizteko eta ikerketaren aldeko dirua biltzeko: txapen eta pegatinen banaketa, nikien salmenta, photocall-a, Ilinti merkatarien elkartearekin photocall-a eta sari banaketa, pintxo poteoa Hegialden eta urologoaren hitzaldia.
Ekarpenei esker, 420 euro bildu ditu taldeak, eta joan den urteko 200 euroak gehituta, 620 izango lirateke. “Diru kopuru hau gizonezko gaixotasunen ikerketako lanetan laguntzera bideratuko dugu, Derioko CICBiogune zentroko Arkaitz Carracedo doktorearen ikerketa proiektura”.