Urtarrilaren 25eko manifestazioen berri emateko bilera deitu du biharko Beasainen Goierriko GKSk
'Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora' lelopean, Bilbon eta Iruñean izango dira manifestazioak. Beasaingoaz gain, Legazpin astelehenean egingo dute bilera. Abenduaren 28rako eta 29rako boxeo entrenamenduak, kirol ikuskizuna eta faxismoaren gorakadaren inguruko hitzaldia antolatu dute eskualdeko aurkezpenerako.
GKS Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazioak deitu ditu urtarrilaren 25erako, Bilbon eta Iruñean, Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora lelopean. Manifestazioen berri emateko eta horiek aurkezteko, bilera deitu du Goierriko GKSk Beasainen, biharko. 20:00etan izango da, Melmak Gaztetxean.
Horrez gain, astelehenean, abenduaren 23an, Legazpin egingo dute bilera, Gaztetxean. “Gaur-gaurkoz, gerra eta faxismo berria langile klasearentzako arazo larrienetakoak dira mendebaldeko estatu guztietan, eta horren guztiaren eragina Euskal Herrira ere iristen ari da”, azaldu du antolakundeak hedabideetara helarazitako oharrean. Mendebaldeko agintariek “gerraren aldeko apustua” egiten dutela azpimarratu dute, “horrek guztiak langile klaseari ekar dakizkiokeen ondorioekin: milaka hildako guda fronteetan, Palestinako herriaren genozidioa, milaka zauritu, mutilatu, desagertu, azpieitura eta baliabide ugarien suntsipena… Era berean, Ukraniako azken gertakariek ere gerraren mehatxua handitzen dute, Europar Batasunaren barruko zein eskala handiko gerra baterako arriskua areagotuz”.
Gehitu dute faxismoaren gorakadak eremu ezberdinetan “indarra hartzen” ari dela: “batetik, sare sozialetan gazteoi bideratutako ideia erreakzionarioak hedatzen dabiltza; bestetik, eskuin muturreko alderdi parlamentarioak indarra hartzen ari dira; eta, azkenik, kaleetako talde faxista ugari agertu dira”.
Horren berri emateko deialdiak dira Beasaingoa eta Legazpikoa, eta gainera, eskualde mailako aurkezpena egingo dute abenduaren 28an eta 29an, Ordizian eta Beasainen. Boxeo entrenamenduak, kirol ikuskizuna eta hitzaldia antolatu dute eskualdekorako, honako egitarauarekin:
- Abenduak 28
- 10:00. Boxeo entrenamendu irekiak Ordiziako Gaztetxean
- 18:00. Kirol ikuskizuna Ordiziako Beti Alai frontoian. Sarrera: 5 euro.
- Abenduak 29
- 17:00. Hitzaldia faxismoaren gorakadaz, Goierriko Zentro Sozialistan, Beasaingo Hezkiaga Hiribidean.
Autobusak Bilbora
Urtarrilaren 25ean Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte Goierritik. Izena eman nahi dutenek GKSko kideekin jarri behar dira harremanetan, edo sare sozialen bidez.