Nagusilan-Legazpi, 25. urteurrenari begira
Pertsona nagusiekin lan egiten duen elkarteak boluntario izateko deia zabaldu die herritarrei.
Nagusilan-Legazpik amaitzen ari den urteko jardueraren balantzea egin du, elkarteren helburuak “parte hartzearen eta gizarte ekintza solidarioaren bidez nahi ez dugun bakardadean dauden adinekoei laguntzea, eta adinekoen egoerari buruz sentsibilizatzea” direla gogoratuz. Helburu horien lorpenerako, adinekoen zentroetara laguntzera joaten dira, eta Zilarrezko Haria dute, doako telefono deien bidez laguntzeko modu bat: “Bakardadean dauden adinekoei zuzenduta dago, eta haiei entzuteko eta hitz egiteko aukera ematen zaie, harreman lasai eta konfiantzazko batean”.
Legazpin 44 boluntario aktibo daude, eta herriko hiru zentrotan gauzatzen dute boluntario jarduera: Santikutz egooitzan, Eguneko Zentroan eta Garagunean. Horrez gain, Zilarrezko Haria zerbitzuan ere lan egiten dute. Nagusilan-Legazpiko ordezkariek diotenez, “gure balioa gure denbora pertsonekin partekatzea da, laguntzeko eta entzuteko, baina balio handiagoa du jasotzen dugunak: haien esker ona, adiskidetasuna, irribarreak eta ikaskuntza”.
Aurten 5.000 ordu baino gehiago inbertitu dituzte boluntario jarduerarekin, gizarte zereginean eta udalak sustatutako jardueretan parte hartuz, Ttipi-Tapan eta GizarteLab-en, adibidez. Beste elkarte batzuekin elkarlanean jardun dute, gainera.
25. urteurrenari begira
Nagusilan-Legazpik 25 urte beteko ditu 20025ean, eta urteurrena ospatzeko hainbat jarduera egin nahi dituzte, “protagonistak, laguntzen ari garen pertsonak eta laguntzen ari den boluntarioak izan daitezen”. Gainerako herritarrei gonbidapena luzatu diete “une berezi hauek gurekin partekatzeko”.
Boluntario izateko deia da, “konturatuko zara zure ekarpena urrats bat dela Legazpin pertsona gehiago lagunduta sentitu ahal izateko, ikasteko aukera on bat eta lagun berriak egiteko”. Elkartera hurbiltzera eta parte hartzera animatzen dituzte legazpiarrak, “denbora apur bat izatea, adinekoen errealitatearekiko sentikortasuna eta entzuteko jarrera izatea besterik ez da behar”.
Nagusilanekin harremanetan jartzeko Gizarte Zentroan duen bulegora joan daiteke, ostegunetan 18:00etatik 19:00etara. Mezu bat ere bidali daiteke nagulegazpi@gmail.com helbidera, edo 668 553 694, 619 947 641 edo 637 067 129 telefono zenbakietara dietu.