Ordiziako Udalak "aurrekontu luzatuarekin" hasiko du 2025a
Udal Gobernu taldearen helburua atzoko udalbatzan 2025eko udal aurrekontua onartzea bazen ere, ez da horrela izan "onartzeko gehiengorik ezean". EH Bilduk 7 zinegotzi ditu, EAJk 7, Ordizia Orainek 2 eta PSE-EE 1.
Ordiziako Udalbatzak urteko azken osoko bilkura egin zuen atzo, eta Udal Gobernu taldearen helburua 2025eko udal aurrekontua onartzea bazen ere, gai zerrendan ez zen ageri, “onartzeko gehiengorik ezean”. EH Bilduk 7 zinegotzi ditu, EAJk 7, Ordizia Orainek 2 eta PSE-EE 1. Beraz, urte berria aurrekontu luzatuarekin hasiko dute Ordiziako Udalean.
Dena den, Adur Ezenarro alkateak galde-erreguen atalera eraman zuen aurrekontuaren gaia. “Alde batetik, uste dut, eta horrela adierazi dugu, Udal Gobernu talde bezala eta gure erantzukizuna eta ardura zela ahal zen heinean, urte berria onartutako udal aurrekontu batekin hastea. Horregatik nahiz eta gaur gai zerrendan ez joan, iruditzen zait ez litzatekeela justua izango, aurrekontu proiektuaren lanketan aritu diren pertsonen lana ikusezin bilakatzea, pleno honetara ekarri ez dugulako”. Honela, udal langileek eta Maitane Alvarez alkateordeak aurrekontu proiektua aurrera atera zedin egindako lana eskertu nahi izan zuen.
Bi hilabeteko prozesua
Ondoren, gainerako udal taldeekin izandako prozesua laburbildu zuen. “Udal Gobernuak, urriaren 28an aurkeztu zien bere proposamena gainontzeko udal taldeei. Geroztik, hainbat bilera burutu dira, eta Plenora doazen gaiak diktaminatzen dituzten Informazio Batzordeetara ere eraman zen puntu nagusi moduan. Hasieratik, proposamen berriak jaso eta aurkeztu zitzaien aurrekontuan txertatzeko prestutasuna agertu du Udal Gobernuak. Baina, ia 2 hilabeteko prozesuaren ostean, gaurdaino ez da proposamenik jaso. Udal Gobernuaren helburua urtea aurrekontu onartuekin hastea izan da beti, eta horregatik, landu eta aurkeztu du Ordiziarako 2025erako aurrekontu proiektu oso bat. Baina, onartzeko gehiengorik ezean, Ordiziako Udalak luzatutako aurrekontuekin hasiko du 2025a”.
Ezenarrok nabarmendu zuenez, “gure buruari jarri genion urte bukaerara arteko epea aurrekontua onartzeko helmuga bezala, badakigulako azkenean udalaren funtzionamenduan, eta herritarrei eta eragile desberdinei ze trastornoa eragiten dien urtea aurrekontu berriak onartu gabe hasteak. Gure helburua zen gaurko plenora aurrekontua ekartzea”.
Alkatea “atsekabetuta” agertu zen: “Udal talde guztiei adierazi genizuen nahiz eta emendakinak udal talde bakoitzak zuen izenean egin, erabateko prestutasuna genuela emendakin horietan jasotzen zenituzten aldaketa horiek aztertzeko eta hitz egiteko. Baina ez dugu inolako erantzunik jaso. Aukera guztiak irekita utzi ditugu beti, ez dugu inongo lerro gorririk jarri; esango nuke alderantziz, alfonbra gorria jarri dugula uneoro, mahaiaren gainean zeuden proposamen inguruan hitz egiteko”.
Abenduaren 11ko bileran “denbora eskatu” zietela argitu zuen Ezenarrok. “Gure kudeaketari kritika egin zitzaion, hori beti da zilegi, baina ez zen inongo proposamenik jaso aurrekontuaren inguruan egiten zen proposamenaren baitan”.
“Zintzotasuna” eskatu
Era horretan, EH Bilduko alkateak “zintzotasuna” eskatu ziela nabarmendu zuen, “benetan ea denbora zen arazoa, edo zilegi zen bezala, hartua zeneukaten postura edo jarrera bat aurrekontuaren inguruan, eta negoziaketarako aukerarik ez bazegoen, denok ere kontziente izan gintezela eta adieraztea besterik ez zeneukatela. Puntu honetara iritsita eta gaurko egunera iritsita, non aurreko astean esan zitzaigun aste honetan zehar zerbait jasoko genuela, proposamenen bat edo iritziren bat edo zuen jarreraren inguruko azalpenen bat, egia da erantzunik ez dugula jaso, eta nik esan behar dut, atsekabetuta nagoela, jokabidea ez dela inondik inora zintzoa izan. Ez dugu jaso egindako proposamenei dagokionez inolako ekarpen, kritika, zuzenketa edo antzekorik. Berriro esaten dut, inongo momentuan ez dugunean jarri inongo eragozpen edo lerro gorririk”.
Beste erakunde batzuetako aurrekontu proiektuen prozesuak ekarri zituen gogora Ezenarrok, eta “niri pena ematen dit, Ordizian orain arte horrelako eztabaidarik ez ematea, eta ez azaltzea zuen proposamenak zeintzuk izango diren, iruditzen zait jarrera horrek ez daukala inolako begirunerik lanean egon den jendearekiko, eta lanketa hori dena gutxietsi egin da. Ezezko jarrerak izan daitezke hasieratik. Nik uste dut behar den garaian esan behar dela eta denok denboran aurreztu egingo genuke, eta osasunean irabazi”.
Aurrekontu luzatuaren ondorioak
Urte berria “aurrekontu luzatuarekin” hasiko dute beraz Ordizian. “Beraz, gai asko ez dakigu noiz burutu ahal izango diren”, nabarmendu zuen. “Aurrekontu luzatu batek ez gaitu gu zigortzen, ez du gure bizitza konplikatuko orokorrean, herritarrak eta eragileak zigortuko ditu, bai diru laguntzak eta bai zenbait lizitazio atzeratuko dituelako. Aurrekontu luzatuekin jarraituz gero, kreditu aldaketak onartu beharko ditugu etengabe, eguneratzen joan beharko garelako errealitatera. Zorionez Next diru laguntzak bideratuta eta blindatuta ditugu”, azpimarratu zuen.
Urtarrileko udalbatzara arteko epea
PSE-EEko Ana M. Sanchez Herraezen erantzuna bakarrik jaso zuen alkatearen adierazpenak. Urtarrilean erantzun bat emateko geratu zen.
Beraz, urtarrileko udalbatzara arteko epea jarri du Udal Gobernu taldeak aurrekontu proiektuarentzat. “Oso kontziente gara aritmetikak zer ematen duen eta zer ez, baina guri dagokigunez garbi geneukan herriari jakinarazi behar geniola, ez dugula lortu beharrezkoa zen gehiengoa aurrekontu proiektu bat aurrera ateratzeko”.