Urola Triatloi Klubak 10. San Silvestre proba aurkeztu du
Urola Triatloi Klubak San Silvestre lasterketaren 10. edizioa aurkeztu du. Abenduaren 31n egingo dute. Korrikalariak 16:30ean abiatuko dira Areizaga-Kalebarrenetik. Bi herrietako kaleak zeharkatzen dituen 2,5 kilometroko zirkuituari bi itzuli emango dizkiote. Helmuga Areizaga-Kalebarrenen egongo da. Bikote mistoek parte hartuko dute. 17:30ean opariak zozkatuko dituzte. Izena emateko herrikrosa.eus-era jo behar da. Izen-emateak 8 euro balio du. Egunean bertan ere eman ahal izango da, 15:30etik aurrera, 10 euroren truke.
Lasterketaren aurkezpenean Ainara Gonzalez eta Ander Erauskin Urola Triatloi klubeko kideek, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak parte hartu dute. Erauskinek eta Gonzalezek lasterketaren helburu nagusia parekidetasuna dela gogoratu dute. Herrikoia, parte hartzailea eta bateratzailea ere badela aipatu dute. Izan ere, azkarrena motelenaren erritmora joan behar da, sari banaketari baino denbora gehiago eskaintzen diote opari zozketari, belaunaldi ezberdinetako senitartekoek elkarrekin parte hartzen dute eta baita elkarrekin korrika egiteko ohitura ez dutenek ere (bizilagunak, poteoko lagunak, gimnasioko lagunak… Babesleei (Plazola, Zatika, Zerkifit eta Urzubi) eta udalei eskerrak eman dizkiete.
Udal ordezkariek Urola Triatloi Klubari eman diote eskerrak, beraien denbora librean bi herriak girotzen dituen proba hau antolatzeagatik.