Michelin izardunak ere Ordiziara etortzen dira erosketak egitera
Eguberrietako azoka berezia izan da gaurkoa, agurrez eta omenaldiz betetakoa. Gainera, saltzaileak Plaza Nagusira itzuli dira, baina ez oso gustura.
Michelin izarra jaso zutenean, gogoan izan zituzten gertuko ekoizleak, hornitzaile zuzenak dituztelako eta egiten duten sukaldaritzaren arduradun ere bai, hein handi batean. Tolosako Ama jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldariak ziren, biak oso ezagunak Ordiziako azokan, ohiko erosleak direlako.
Gaur bertan ikusi ahal izan da Javi Rivero erosketak egiten Plaza Nagusian. Besteak beste, Natalia Magallanesen postura gerturatu da, eta Bidania-Goiatzeko ekoizle ekologiko honek zuen produktu berri bat bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du, baita erosteko ere. Magallanesek tupinambo izeneko tuberkulua aurkeztu du, jenjibrearen itxura duena, eta Riverok ez du zalantzarik izan erosteko, probatzeko. Kiloa 5 euroan zuen salgai Magallanesek.
Sukaldari gehiago ere izan da gaur erosketak egiten Ordiziako ferian. Ia asteazkenero hurbiltzen den Hika txakolindegiko Roberto Ruizen eskutik, Donostiako Bodega Donostiarra jatetxeko Miguel Montorio izan da bisitan eta, bide batez, gaurko afarirako azken orduko erosketak egiten.
Ez da bakarra izan azken ordurako utzitako horiek ferian erosi dituena. Ogia izan da gaur gehien eskatu den produktuetako bat, eta Aldaba Zahar elkarteko postua oso demandatua izan da. Asteazkenero bezala, eskaintza oparoa izan dute gaurkoan ere.
Barazkien artean, berriz, uraza izan da gehien saldu dena.
Beste berritasun bat ere izan da gaur, errefautxoa. Hori Iñaki Intxaustiren eta Maite Zurutuzaren postuetan izan dute salgai, sorta euro batean eta 1,8 euroren artean.
Perretxikoak ere izan dira aukeran, Mikel Lasaren postuan: 10 kilo trompeta 20 euroan kiloa, 5 kilo ziza hori 30 euroan, 10 kilo angula 20 euroan, 6 kilo shiitake 20 euroan eta lehortutako onddoak eta ziza horiak, 130 euroan.
Feriako agurrak eta omenaldiak
Bestelakoan, bi agur eta omenaldiak izan dira gaurko beste bi berri nagusiak. Agurrak Maria Dolores Mendizabal lore saltzailearena eta Astigoxo gozogileena izan dira. Mendizabalak agur esan dio Ordiziako azokari, 47 urteko lan jardunaren ondoren erretiroa hartu duelako, eta Astigoxokoko Susanne Klemm-ek, berriz, jarduera eten egingo du. Bien falta sumatuko da aurrerantzean, ez dago zalantzarik.
Mendizabal bestalde, Eguberrietako feria berezian egin ohi izan diren omenaldietako protagonistetako bat izan da. Ordiziako Udalak urtean zehar jubilatu diren saltzaileak omentzeko ohitura du feria berezi honetan, eta gaurkoan bost emakume izan dira horien artean: Mendizabal bera, Edurne Jauregi, Lourdes Zurutuza, Juanita Murgiondo eta Asun Etxeberria. Lore sorta eta plaka bat jaso dute Adur Ezenarro alkatearen eskutik.
Bestetik, 2024an zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztagileen omenez, esker oneko ekitaldia ere egin dute. Hauek dira omendutako gaztagileak: Bengoetxea, Eneko Goiburiu, Baxtarrika, La Leze, Patxi Lopez de Uralde, Olano, Angel Linzoain, Jokin eta Miren Uharte Martiarena, Remiro, Buruaga, Garoa, Goiene Berria, Jose Ignazio Ugartemendia, Julen Karasatorre, Oihan Txii, Valle de Baztan, Loperena, eta Quesos Vasco Navarra.
Itzulera gazi-gozoa
Bestetik, obren ondorioz Garagartzan aste batzuk igaro eta gero, Plaza Nagusira egin duten itzulera gazi-gozoa izan da hainbat ekoizlerentzat. Ez daude gustura egindako lanen emaitzarekin, haien kontura egin dituztela esan bai, baina haien onurarako ezer gutxi egin dutela diote.
Iñaki Intxausti da ekoizle horietako bat. Oso haserre dago, eta besteak beste argindarrerako entxufeak ez dituztela jaitsi, pertsianak edo babesgarriak ez direla lurreraino iristen eta berogailurik ez dutela jarri salatu du. “Hotza, plaza bustia, parking-ik ez… Baserritarron baldintzak hobetzeko erabilitako milioi euroak ez du ezer hobetu. Baserritarrok turistentzat amu edo eskaparate bezela tratatzen gaitu Ordiziako Udalak, baina ez dituzte gure baldintzak hobetzen, duela 200 urte bezala eduki nahi gaituzte”.
BIDEOA: Gotzon Aranburu
ARGAZKIAK: Tere Madinabeitia