Urte amaiera hotza, Ordiziako ferian
Errezilen ekoitzitako sagar beltza eta Bidania-Goiatzen bildutako arto gorriaren irina aurkeztu dituzte urteko azken ferian, gaur goizean, eta Urte Zaharreko afarirako mahatsa izan da izarra Zuhaiztin kokatzen diren fruta saltzaileen postuetan. Perretxikoen eskaintza, aldiz, eskasa izan da, azken asteetan bezala, ez baita oraingoa produktu horretarako garairik egokiena.
Ordizian bat egin dute gaur urteko azken egunak eta urteko azken feriak, eta bihar jaieguna denez, asteartera aurreratu da gainera. Horri guztiari hotza gehituta, gradu eskasa markatzen baitzuen termometroak goizeko 11etan, ez da izan gaurkoa 2024ko feriarik onena. Saltzaile batzuk falta ziren, oporretan direlako edo astearteetan beste konpromiso batzuk dituztelako, eta erosleak ere ez dira ohi bezala hurbildu Plaza Nagusira, kopuruan behintzat.
Bertaratu direnek, aldiz, ia betiko eskaintza izan dute aukeran, eta oso aproposa Urte Zaharreko afarirako eta Urte Berriko bazkarirako azken orduko erosketak egiteko, besteak beste, barazkiak, ogia edo postrerako frutak, gozokiak edo gazta.
Sagar beltza eta arto irina
Berritasunik ere izan da, gainera, urtea agurtzeko. Horietako bat, Simon Aizpuruk aurkeztu duen sagar mota berria izan da, “sagar beltza” deiturikoa. Errezilen Mugarrieta baserriaren inguruan dituzten sailetan loratzen azkena den sagarrondoaren fruitua omen da, urtero izaten dena, ugari gainera. Zaporez gazia dela esan du Aizpuruk, eta labean erreta jateko oso aproposa. Kiloa 2,50 euroan jarri du salgai.
Eguneko beste berritasuna Bidania-Goiatzeko Natalia Magallanesek aurkeztu du, berak ekoitzitako arto gorri ekologikoaren irina, Itsasondoko Ibares errotan ehotakoa. Kiloa 6 euroan jarri du salgai.
Perretxikoak, eskas
Gaurko hotzak neguaren gorritasuna ekarri du gogora ferian, eta perretxikoen eskaintza eskasak garai hauek genero horretarako egokienak ez direla erakutsi du. Mikel Lasaren postuan bakarrik daude salgai perretxikoak, eta hauxe izan da eskaini duena: 5 kilo saltsa perretxiko beltz, 20 euroan kiloa; 20 kilo ziza hori, 30 euroan; eta 15 kilo mendiko angula, 20 euroan.
Onddorik ez dago orain, baina kapritxoz nahi duenak, oliotan kontserbatuta erosteko aukera du, 350 gramoko potean, 8,5 euroan. Lehortutako ziza horiak ere bazituen Lasak, kiloa 120 euroan.
Mahatsa, gaurko afarirako
Fruta saltzaileen postuetan, aldiz, mahatsa zuten ugari, urteari amaiera emateko hamabi ale jateko ohitura barra-barra zabalduta baitago. Aledoko mahatsa zen, zuria, eta kiloa 4,95 eta 5,9 euro artean zuten. Pepitarik gabekoa ere bazuten aukeran, 6,5 euroan.