Berrikuntzak gimnasioan
Ataungo Udalak Auzoeta kiroldegiko gimnasioa handituko du, nola espazioz, hala makinariaz. Lanen lizitazio deialdia atera dute, eta guztira 107.000 euroko inbertsioa izango da.
Ataungo Auzoeta kiroldegiko gimnasioa handitzeko proiektua martxan jarri du udalak. Lanak egingo dituen enpresa kontratatzeko lizitazio deialdiaren fasean dago orain, eskaintzak jasotzeko epean. Gimnasioa handitu, aireztapen sistema jarri, aldagela berregokituak irisgarri ipini, eta makina gehiagorekin hornituko dute.
Espazioa irabaziko diote gimnasioari, batetik, «txiki» gelditu delako. Horretarako, gaur egun erabiltzen ez diren bi aldagela zaharrak hartuko dituzte. «Kiroldegia 1991n egin zen garaikoak dira, orain 34 urtekoak. Oso zaharrak daude, eta ez dituzte irisgarritasun baldintzak betetzen. Aldagela horietako bat gimnasioari erantsiko diogu, lekuz handitzeko. Beste aldagela egokitu, irisgarritasun baldintzak gaurkotu, eta bitan zatituta, aldageletarako utziko dugu», aurreratu du Martin Aramendi alkateak.
Epaileentzako aldagela txikia ere gimnasio bihurtuko dute, areto futboleko taldeen garaitik, azken urteetan ez baitzen erabiltzen. Airea berritzeko gailua ere jarriko dute.
Handitze eta egokitzapen lanen aurrekontua 77.514,76 eurokoa da, BEZa aparte. 2024ko aurrekontuaren gain finantzatuko ditu udalak obrak. Lanak oraindik hasi ez badira ere, dagoeneko itxita dago gimnasioa. «Giltza elektronikoarekin funtzionatzen du, eta urte guztirako aktibatzen ditugu. Urtarrilean tokatzen zen berritzea, eta itxi egin dugu». Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, Kirol Txartela Mugiment sistema aholkatu die udalak.
Bi-hiru hilabeteko lana
Behin lanen esleipena egindakoan –eskaintzak jasotzeko unean, kezka ere agertu du alkateak, eraikitzaile enpresen lan karga handiagatik deialdi asko hutsik geratzen ari direlako–, egokitzapen obrek bi-hiru hilabete iraungo dutela aurreikusi du udalak. Azpiegitura lanak bukatutakoan, gimnasioko makinaria eta tresneria gehiago erosiko dituzte, oraingoekin eskaintza zabaltzeko eta osatzeko. Horretarako, 2025eko udal aurrekontuan 30.000 euroko diru saila izendatu dute. Guztira, beraz, 107.000 euroko inbertsioa eskatuko du berrikuntzak.
Gimnasioa itxita dagoen arren, boulder eskalada aretoa erabil daiteke. Urteko 20 euroko kuota dauka, eta giltza elektronikoaren berme gisa 10 euro gehiago jarri behar da (giltza utzitakoan itzultzen dute). Udaletxean aktibatu behar dira giltzak.
Ataungo gimnasioa itxita egongo den garairako, Kirol Txartela Mugiment sistema dute alternatiba herriko kirolzaleek. Ataungo Udala ekimen horretan sartuta dago, eta atxikitako beste herri batzuetako kiroldegiak erabiltzeko aukera ematen du. 2025eko bazkidetza berritzen hasi dira, urtarrilaren 2az geroztik. Erabiltzailearentzat doan da; aplikazioa jaitsi, erregistratu, eta txartela eskatu behar dute soilik.
Horretarako, ordea, Ataungo gimnasioan izena emanda egon behar da. Urteko banakako kuota 65 euro eta familiakoa 110 euro dira.
Kirol Txartela Mugimenten kide diren udalen artean urte amaieran egiten dute kitapena, eta Eusko Jaurlaritzak hartzen du bere gain ordaindu beharreko aldea.