Bisiten goranzko joerari eutsi dio Igartubeitik 2024an ere
%13 hazi da bisitarien kopurua joan berri den urtean. Espainiatik etorritako bisitarien kopurua hazi da, batez ere. Martxoa eta urria izan dira hilabete jendetsuenak.
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak aurreko ekitaldian baino bisitari gehiago jaso ditu 2024an; %13 gehiago, zehazkiago. Igartubeitik azken urteetako goranzko joerari eutsi dio azken urtean ere. 2023 errekuperazio urtea izan zela esan daiteke, Ezkioko zentroak pandemia aurreko bisitarien kopurua gainditu baitzuen orduan; eta 2022arekin alderatuta, %27 hazi zen bisitarien kopurua. 2024ko hazkundea apalagoa izan den arren, goranzko joera baieztatu dute berriz datuek. Hala, Igartubeitik «oso positibotzat» baloratu du joan den urtea. Datuok museoa «erreferentziazko zentro gisa» sendotzen dutela diote «bai tokian-tokian eta baita lurraldeko beste toki batzuetatik datozen» bisitariei dagokienean.
Datuak aletuz, martxoa eta urria izan dira museoak bisitari gehien jaso dituen hilabeteak «Aste Santuko oporrekin eta Sagardo Astearekin» bat eginez. Sagardo Astea Igartubeitiren eskaintza garrantzitsuenetakoa da eta urtero izan ohi da jendetsua. Aste Santuko oporretan izandako bisitarien gorakada izan da, azken urte honetan berriz, azpimarratzekoa.
Espainiako bisitariak gora
Bisitarien jatorriari dagokionez, «Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik kanpokoa da gehien hazi den publikoa». Horien artean, Espainiatik datozen bisitariak izan dira gehienak «Espainiatik etorritako %30 pertsona gehiagok erabaki baitute aurten Igartubeiti baserri museoa bisitatzea. Atzetik, oso gertutik dago atzerriko publikoa; %24 igo baita 2023tik», azpimarratu dute Ezkioko zentroko arduradunek.
Guztiz zehaztuta ez dute arren, 2025 eta 2026 ikasturteari begira «programazio interesgarria» prestatzen hasita daudela aurreratu dute Igartubeititik. Iaztik, Europa mailako Pirinioetako kultura-ondarearen berrikuntzako eta sormen-kudeaketarako sareko Patrim 4.0 proiektuarekin bat egina dago Igartubeiti «irisgarritasuna, erakusketa eskaintza eta kultur programazioa hobetzeko» helburuarekin eta datorren ikasturteari begira antolatzen ari diren eskaintza Europa mailako proiektu honek «baldintzatuko» du. Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra izeneko programan finantzatzen du Patrim 4.0 proiektua eta horri esker, «museoak kultur programazioa zabalduko du 2025-26 aldian».
Horren adibide izango da Jakintzen hibridazioa ikastaroa eta jardueren eskaintza. «Jakintza tradizionalen transmisioa balioan jartzeko, jasangarritasunari buruzko gaiez kontzientzia hartzeko eta eskuekin sortzera motibatzeko» helburuz.
Ildo beretik, ahozko memoria lantzen jarraituko dute Ezkio-Itsasoko eskolarekin batera, Lanbideak lehen eta orain programaren bitartez. Amaitzeko, «jardueren eskaintza zabaldu eta publiko berrietara iristeko» touroperadore eta lurraldeko eragile ugarirekin ere elkarlanean jarraituko dute.