Ostiralean hasiko da Antzerki Garaia
Ordizian eta Beasainen launa antzezlan izango dira. Zortzi saioetarako bonua erosteko azken eguna gaur da. Bonuak 72 euro balio du; saio bakoitzeko sarrerak, 12 euro.
Iritsi da Antzerki Garaia. Ostiralean, Ordizian hasiko da, Zorretan lanarekin eta apirilaren 25era bitartean, zortzi antzezlan ikusteko aukera izango dira Ordiziako Herri Antzokian eta Beasaingo Usurbe Antzokian, launa herri bakoitzean. Sei euskaraz dira, eta bi gaztelaniaz (azkeneko biak).
Zortzi saioetarako bonuak erosteko epea gaur amaituko da. 72 euro balio ditu, eta bi herrietako antzokiko leihatilan erosteko aukera izango da. Saio bakoitzeko sarrerak 12 euro balio du.
‘ZORRETAN’. Urtarrilak 10. Ordizia
Miren Gaztañaga, Iñake Irastortza eta Jabi Barandiaran igoko dira oholtzara. Lore eta Jon bikote dira aspalditik. Lore aztoratuta iritsi da etxera. Amarekin telefonoz hitz egin du eta ulertu dio Jonek gonbita luzatu diola beraiekin bizitzera joateko. Lorek kontuak eskatuko dizkio senarrari. Hau, ordea, itsu dabil koadrodun gorbata topatu nahian. Are gehiago, Lorek soineko pijama erantzi eta loredun soinekoa janztea nahi du. Joan egin behar dute, baina ezerk ez dirudi lekuan. Etxea aldrebestuta izateaz gain, badirudi bizitza dela aldrebestu zaiena. Emakumea normaltasunera itzultzeko borrokan ari da, baina lur azpian hondoratzen ari dela sentitzen du eta eusteko moduan daukan esku bakarra amarena omen da. Lorek, orduan, nahiagoko du lur azpian bizi larru lodiko sator bihurtuta.
‘OSCARRA OSKARRENTZAT’. Urtarrilak 31. Beasain
Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Oihana Maritorena eta Jon Plazaola dira protagonistak. Los Angeles (AEB) Zinema Akademiako sariak, Oscar preziatuak banatzen direneko gau magikoa. Hiriaren kanpoaldean kokatutako Motel xixtrin batean daude. Oscar Manzano zinema zuzendari gaztea film labur onenaren sailean izendatu dute eta Zinemaren hirira iritsi da Guillermo Barrientos Kultura ministroa eta Irene Navarro Ogasun ministroarekin batera. Bi politikariek ezin dute elkar ikusi ere egin, eztabaida eta matrakan dihardute etengabe. Oscarrek uste gabeko bisita ere izango du; Pauline izeneko escort girl misteriotsu batena.
‘ARIZONA’. Otsailak 14. Ordizia
Aitziber Plazaola eta Jon Plazaola goierritarrak, Margaret eta George, beraien muga defenditzen ari dira. Bizilagunak han zeunden, zain deskuidu txikienean muga pasatzeko. Baina adi-adi egon behar dute, ezin dute guardia jaitsi… Halako batean, Margaret galdera asko egiten hasiko da, gehiegi, eta beraien bizitza komikoa, guztiz aldatzen hasiko da.
‘BADAKIZU PLASTIKOZKO LOREAK EZ DIRELA INOIZ BIZI IZAN, EZTA?. Otsailak 21. Beasain
Aitziber Garmendiaren bigarrena izango da, oraingoan Karmele Aranburu eta Telmo Iruretarekin batera. Hiru pertsona, edo lau, hobeto esanda: Luciak depresio sakon bat du, eta horren ondorioz esperientzia bikario bat bizi du Yoldiren bitartez, adimen urritasuna duen gazte zoragarri bat. Yoldik Jose Manuel psikoterapeuta ospetsuaren landareak zainduko ditu. Psikoterapeuta horrek erabateko mendekotasuna du garun-paralisiaren ondorioz. Psikiatrarekin bakarrik hitz egiten du Alexarekin, adimen artifizial batekin, duen harreman estuaz. Martina, psikiatra, misantropo bat, ezin du gehiago. Ezin du bizitzarekin.
‘HEISENBERG’. Martxoak 7. Beasain
Ramon Agirre eta Naiara Arnedo eskuz esku ariko dira. Georgie Burns, 42 urteko emakume bat, eta Alex Priest, 75eko gizon bat, Londresko Saint Pancras geltokian ezagutuko dira. Atzetik ikusita, Georgiek usteko du Alex bere aita dela (urtebete da hil zela) eta eroaldi absurdu batean, musu emango dio garondoan. Topaketa berotzaile hori izango da biei bizitza aldatuko dien jolas zoragarri baten hasiera. Heisenberg lanarekin, Simon Stephensek gizakion arteko konexioa zein ziurgabea eta komikoa izan daitekeen erakutsi nahi du.
‘KORTXOAREN DILEMA’. Martxoak 14. Ordizia
Endreduzko thriller politikoa Patxo Telleria eta Mikel Martinezentzat, espazio eta denbora unitate bakarrean. Irakaslea (70 urte) katedratiko jubilatua da, ezkerraren erreferente intelektuala. Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean: aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman duen erradioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakan batzuk, ordea, zergak behar bezala ez ordaintzeko trikimailua dela salatu dute. Horien buru, irakasle zaharra. Orain denek galdetzen diote zer egingo duen, bere printzipioekiko leiala izan ala prakak jaitsi.
‘NI FLORES, NI FLORES, NI CENIZAS, NI TANTAN’. Apirilak 11. Beasain
Gaztelaniaz ariko dira Ane Pikaza, Patxo Telleria, Loli Astoreka, Aitor Borobia, Egoitz Sanchez eta Idoia Merodio. Gainditze, samurtasun eta gizatasun istorio bat da. Zainketa aringarriak eta «ondo hiltzea» ardatz hartuta, bizitzari pozik aurre egitera eta bizitzaren amaiera nolakoa izango den galdetzera bultzatzen gaituen bidaia da. Mundu hau minez eta sufrimenduz utzi zuten guztiei egindako kantua. Azken etapa honetan irribarrea inoiz galdu gabe laguntzen duten beste guztiak aintzatestea.
‘LUCHA Y METAMORFOSIS DE UNA MUJER’. Apirilak 25. Ordizia
Azken saioan Eneko Sagardoi eta Eva Trancon igoko dira oholtzara. Ustekabean amaren gaztaroko auto erretratu bat aurkitu ondoren, Edouard Louisek gogora ekarriko du baztertuta, menderatuta eta are gizonezkoek eragindako indarkeriak makurtuta bizi den eta 45 urterekin matxinatu, ihes egin eta pixkanaka bere askatasuna eraikiko duen emakume baten irudia. Gizarte patriarkalak, familiak eta baita semeak ere suntsitutako emakume baten metamorfosia. Emakume hori, gero, berriz aurkituko da semearekin eta hark, publikoki, duintasuna itzuliko dio. Gaztelaniaz da.