Aramako Udalak 636.920 euroko aurrekontuarekin hasi du urtea
2024koa baino %37 handiagoa. 155.500 euro inbertsioetara bideratuko dituzte.
2025ean 636.920 euroko udal aurrekontua izango du Aramako Udalak, 2024koa baino %37 handiagoa. Igoera horren arrazoi nagusia, Gipuzkoako Foru Funtsaren banaketa berria izango da. 2024an, udalak Foru funtsetik 241.165 euro jaso zituen eta 2025ean jasoko duenaren aurreikuspena 411.085 eurokoa da (169.920 euroko igoera, %70,4ko hazkundea). Igoera horri esker, «zerbitzu egokiak eskaintzeko eta herriko inbertsioak burutzeko beharrezkoak diren baliabideak nabarmen hobetuko» ditu udalak.
Igoera horren zati handiena, 155.500 euro, inbertsioetara bideratuko dute zuzenean, azpiegiturak hobetzeko eta proiektuak aurrera eramateko, iazkoaren laukoitza (2024an 37.300€ izan ziren).
Inbertsioen atalean, 2025ean, batetik, Loitza pilotalekuan zurezko harmailak jarriko dituzte, eta bestetik, kirol gelak modernizatzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko material berria erosiko dituzte.
Bestalde, Apaizetxean ostatua eta jatetxea jartzeko egin beharreko birgaitzea ere egingo da. Azken urteetan aldaketak izan ondoren, aurten eraikinaren erabilera programa definitu eta oinarrizko proiektua egingo dute. «Behin hau egitean, gauzatze proiektua lizitatzeko asmoa dago». Elizako teilatua ere konponduko dute, herriko kultur ondarea zaintzeko helburuarekin.
Etxebizitzak
Etxebizitzaren alorrean, 2019an onartutako Aramako 1. sektoreko plan partzialaren azterketa egingo dute, «aurrera eramateko dauden zailtasunak ikusirik eta herrian dagoen etxebizitza beharraren aurrean». Azken urteetan espazio horretan etxebizitzak egiteko hainbat saiakera egin diren arren, «plan hau ez da egikaritu, sustatzaileek diotenez, bideragarritasunik ez duelako. Hori dela eta, udalak plan honen azterketa egingo du, beharrezkoak dituen aldaketak identifikatu eta hauek martxan jartzeko».
Udaletxe zaharra birgaitzea ere aurreikusten da etxebizitzak egiteko. «Aurreproiektu bat jada eginda dago, eta orain honen bideragarritasuna aztertuko da». Bertan gutxienez lau etxebizitza egin nahi dituzte. «Egun alokairurako dauden bi etxebizitzei eutsi eta gainerako biak saltzeko aukerarik dagoen ere aztertuko da».
Udal ordezkariek Jaurlaritzako Etxebitzitza Sailarekin bilera egingo dute urtarrilean.
Azkenik, ingurumenaren zaintza eta baso kudeaketa hobetzeko plangintza zehaztu, baso garbiketa eta landaketa lanak, eta lursailak erostea aurreikusi ditu udalak. Herri garbiketak eta landa-lanetako den traktore berria erostea aztertzen ari da udala.
2025eko asmoak azaltzearekin batera, iazko urteak emandakoa ere laburbildu zuten Aramako udal ordezkariek urteko azken herri batzarrean. Aldaketetako bat, uraren prezioa %3 igotzea izan da. «Ur Kontsortzioaren kudeaketa ura herriko depositura ekartzera mugatzen da, eta hortik aurrerako zerbitzuak udalaren ardurapean geratzen dira. Udalak, zerbitzua behar den bezala kudeatu eta mantentzeko, Ur Kontsortzioaren esku uztea dela egokiena iradokitzen du». Kontsortzioa kudeaketa guztiaz arduratuko da. «Igoera progresiboa izan dadin», lehen urteetan udalak hobariak jartzea aurreikusten du.
Gainerako ordenantza fiskalei dagokionean, Ibilgailuen zerga %2,5 igoko da, eta zaborren tasan herritarrentzat igoerarik izango ez bada ere, industrian %6ko igoera izango du. Frontoia alokatzearen kostua orduko 5 eurokoa izango da.
Eliza atzeko errepidea
2024ko aurrekontuen kontura, aurten eliza atzeko errepidea zabaltzeko proiektua gauzatuko dela aurreikusten du udalak. Errepidea bi noranzkoetakoa bihurtuko dute eta aparkaleku berriak sortuko dituzte. «Helburua, herrigunea oinezkoen gunea bihurtzea izango da. Horrela, herrigunean autoak igarotzea debekatuko da, eta horrek herritarrentzat gune berriak irabaztea ahalbidetuko du». Proiektua burutzeko 2024ko Erein-eko deialditik 99.900 euroko laguntza jasoko du udalak.
Kultur Etxeari itxura berritzeko asmoa ere badu udalak. «Diru askorik inbertitu gabe», lokala berriz ere erabilgarri jarri nahi dute etorkizunean hainbat erabilera emateko. Proiektuaren helburu nagusiak irisgarritasuna hobetzea, espazioen erabilera optimizatzea eta komunak berritzea izango dira.
Bestalde, frontoi txikiaren eta elizako teilatuaren konponketak amaitzear daude. «Elizaren eta udalaren artean hitzarmen bat sinatzeko adostasuna dago, teilatuaren konponketaren zati bat ordaintzearen truke udalak elizaren erabilera zesioa lortuko duelarik». Frontoiko lanetarako diru laguntzak jaso ditu udalak aldunditik eta Jaurlaritzatik, eta elizaren obrarako ere laguntzak lortzea aurreikusten da