Punta-puntako musikariak Txillidaren ‘Aromak’ gogoratzeko
Asier Polo, Marta Zabaleta, Edurne Zabalo, eta Gorka Hermosa dira. Blanchard String soka taldeak ere parte hartuko du. Larunbatean egingo dute ikuskizuna Latxartegin.
Asier Polo biolontxelistak, Marta Zabaleta piano jotzaileak, Edurne Zabalo klarinete jotzaileak, Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak eta Blanchard Strings soka taldeak Aromak musika ikuskizuna sortu dute, eta Latxartegin aurkeztuko dute larunbatean, urtarrilak 11, Xegun Altolagirre narratzaile lanetan dutela, eta Josu Altzelai argazkilariaren irudiak lagun.
Bi emanaldi egingo dituzte, 13:00etan eta 19:00etan. Sarrerak salgai daude 15 euroan latxartegisarrera.sacatuentrada.es webgunean.
Musikariak punta-puntakoak dira, eta tartean legazpiarrak daude: Zabaleta eta Zabalo, Altolagirre ere Legazpikoa da, baita Altzelai ere. Hermosa, berriz, Zumarragakoa da. Musikari horiek, Blanchard Strings taldeak eta Altolagirrek bat egin zuten Latxartegin 2023ko abenduan eskaini zuten Aztarnetan ikuskizunean. Oraingoan, Polo eta Altzelai elkartu zaizkie.
Txillida gogoratuz
Udalak Txillidaren jaiotzaren urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldien barruan kokatzen da Aromak, eta egitarau sorta itxiko du, hain zuzen, eskultoreak 101 urte beteko lituzkeen egunaren biharamunean, 1924ko urtarrilaren 10ean jaio baitzen, ikuskizunaren gidoia prestatu duen Altolagirrek gogoratu duenez.
«Txillidarekin lan egin zuten legazpiarrei oihartzuna eman nahi diegu»
Xegun Altolagirre. Gidoilaria
Musika, irudiak eta hitzak izango dira lanaren ardatzak; «musikariek joko duten pieza bakoitza hitzez eta Txillidak Legazpin egindako eskulturen irudiz lagunduta joango da». Hain zuzen, «Legazpin eskultorearekin lan egin zuten langileei oihartzuna» eman nahi diete, «Txillidaren artisauei».
Aromak izenburuak berak, berriz, eskultoreak obrak sortu aurretik egiten zituen miniaturei egiten die erreferentzia. «Miniatura haiek Legazpira ekartzen zituen, eta langileei erakutsi, ikus zezaten buruan zer zuen. Baina gero ezkutatu egiten zituen, ez zuen nahi azken obra erreplika bat izatea. Aroma eredu bat izatea nahi zuen, handik abiatuta sortu zezatela obra handia».
Altolagirrek dio lan «polita eta hunkigarria» sortu dutela denen artean, eta Aztarnetan bezala, Aromak ere goi mailako ikuskizuna izango dela.