Aurre izen-emateen maratoia hastear da Zegaman
Datorren astelehenean irekiko dute 12:00etan Zegama-Aizkorri mendi maratoiko aurre izen-ematea. Dortsalen zozketa, berriz, otsailaren 21ean izango da.
Astelehenean izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 24. edizioko lehendabiziko hitzordu nagusia, orduan irekiko baitute mendi maratoian parte hartu nahi dutenentzako aurre izen ematea. Rockthesport.com plataformaren bidez eman ahal izango da izena, 12:00etatik aurrera. Urtarrilaren 24ra arte egongo da izena emateko aukera. Bigarren hitzordu nagusia urtarrilaren 27an izango da. Egun horretan irekiko dituzte 11. Kilometro Bertikalaren eta 14. Junior Trail (16-18 urte) probetarako aurre izen emateak; leku eta ordu berean.
Urtero izaten da arrakastatsua korrikalarien erantzuna eta balizko epea amaitu aurretik itxi behar izaten du antolakuntzak izen ematea. Iaz, 10.668 mendi lasterkarik eman zuten izena aurrez, Zegama-Aizkorriren lasterketa nagusirako. Historikoa izan zen iaz, Junior Trailerako erantzuna, beste urte batzuetan ez bezala, ordu gutxiren buruan amaitu baitziren eskuragarri jarri zituzten 100 dortsalak. Behin aurre izen emateen epeak agortuta, otsailaren 21ean egingo dute dortsalen zozketa. Urtero bezala, 225 dortsal zozkatuko dituzte mendi maratoirako izena eman dute guztien artean.
Maiatzaren 25ean
Maiatzaren 25ean jokatuko dira aurten 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta 14. Zegama-Aizkorri Junior Trail-a; maiatzaren 23an berriz, Kilometro Bertikalaren 11. edizioa.Hamaikagarren garaipena lortu zuen iazkoan Kilian Jornet kataluniarrak Zegaman, nagusitasun handiarekin lortu ere. Duela hamazazpi urte lortu zuen lehen txapela, 20 urterekin. Orduz geroztik, parte hartu duen ia guztietan izan da azkarrena. Errekorra ere berea da: 3.36.40, 2022an. Emakumezkoetan Sylvia Nordskar norvegiarra izan zen azkarrena (4:29:12); maratoi batean bere lehendabiziko garaipena lortu zuena.