Hogeitabost urte 'GoierrIN'
Goitur Goierriko Turismo elkartea sortu zenetik 25 urte bete dira. Aurtengo egitasmoaren barruan gauzatuko dituzten ekintza, asmo eta proiektu nagusiak plazaratu dituzte.
Goitur Goierriko Turismo Agentziak 25 urte betetzen dituela eta, Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goiturreko presidentea eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria Ordiziako D’Elikatuzen bildu dira gaur goizean aurtengo egitasmoaren barruan gauzatuko dituzten ekintza nagusienak azaldu eta etorkizunerako asmoak eta proiektuak plazaratzeko. Goiturrek, besteak beste, turismo sektorea sendotzea eta sustatzea du helburu, horretarako lan-ildo konkretu batzuetan oinarrituta: Lehiakortasuna, produktu turistikoak, eta promozioa eta komertzializazioa.
Goiturren helburu nagusietako bat Goierriko turismoaren sustapenean eta garapenean laguntzea izanik, norabide horretan aurrera eramango dituzten ekintzen berri eman dute: Batetik, Goiturrek turismo sektoreko erakundeekin itun berriak aztertuko ditu, eta baita turismoarekin zeharkako erlazioa duten erakundeekin harremanak sendotu ere, hala nola Merkatal Ganbararekin, Euroeskualdearekin edo Euskal Fondoarekin.
Gainera, promozio ekintza ugari antolatuko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak edo Basquetour-ek antolatutako jardunaldi batzuk Goierrira bideratuko dira. Horrez gain, ate irekiak antolatuko dira eskualdeko museo eta interpretazio zentroetan, eta eskualdeko webgune turistiko berri bat eta 18 udalerrietako bideoak aurkeztuko dituzte.
Lan formekin jarraitzea
Lehiakortasunari dagokionez, bazkide publiko nahiz pribatu guztiei aholkuak ematen jarraituko dute, duela hiru urte hasitako HTA plan pilotuaren ekintza planarekin ere jarraituta. Horrez gain, Turismoa eta lehen sektorea, Landa turismoa eta Kirol turismoa izeneko estatu mailako lantaldetan parte hartzen jarraituko dute, baita produktu turistiko berrien egokitzapenean eta sorkuntzan sakontzen ere.
Bestalde, nahiz eta beste behin ere, promozioa izan Goiturren ekintza planaren atalik garrantzitsuena eta baliabide ekonomiko gehien behar dituena, iazko promozio ekintza berdinekin jarraituko dute: Goierriko erreportajeak landuko dituzte, azoka desberdinetara joango dira, datozen kazetari eta touroperatzaileen bidaiak antolatu eta lagunduko dituzte, zerbitzu turistikoak merkaturatzearen alde borrokan jarraituko dute, eta kanpaina berriak lurreratuko dituzte, besteak beste.
Inbertsioak eta apustuak
Goiturren presentzia eskatzen den eremu guztietan egoteko, baina, ezinbestekotzat jo dute inbertsio eta apustu berriak mahai gainean jartzea. Lehiakortasunaren arloan, Helmuga Turistiko Adimenduna (HTA) proiektuaren ekintza plana ezartzea izango da jarduerarik garrantzitsuena. Ordea, bestelako ekintzen artean, Goierriko call center delakoa ere artatuko dute urteko 365 egunetan, kontsultei erantzunda; ostalaritzara zuzenduriko formazio berri bat antolatu eta kudeatuko dute; eta Basquetour-eko eta Foru Aldundiko teknikariekin harremanak mantenduko dituzte.