Mikel Urretagoiena Trio-rekin hasiko da 10. Igartza Musika zikloa, hilaren 19an
Lehen seihileko egitaraua aurkeztu dute gaur Igartza jauregian. Garazi Zabaletak konposatutako 'Rheo' obra estreinatuko du Xarma laukoteak maiatzean.
Gaur goizean aurkeztu dute 2025eko lehen seihileko Igartza Musika zikloa, Beasaingo Igartza jauregian, Garazi Zabaleta eta Xabier Zeberio zikloaren arduradunek, Leire Artola alkateak eta Mariola Pascual kultura zinegotziak. 10. edizioa izango da aurtengoa. Urtarrilaren 19an emango diote hasiera, Mikel Urretagoiena Trio-rekin, Igartza jauregian bertan. Zortzi proposamen aurkeztu dituzte; bost Igartza jauregian izango dira, bi Loinazko San Martin basilikan, eta bestea Usurbe antzokian. Sarrera doan da.
Artola alkateak azaldu duenez, “17.600 pertsona baino gehiago” gerturatu dira orain arte egindako zikloetara: “Egonkortuta dagoen zikloa dela esan dezakegu”. Musikazaletasuna zabaltzea eta musikari berriei zein konsakratuei haien lanak aurkezteko plaza ematea du helburu zikloak. Aurten ere maila goreneko musikariek parte hartuko dute. Xabier Zeberio arduradunak adierazi du “erreferente” bilakatu dela jada programazioa, “Gipuzkoan zein Euskal Herri mailan”. Garazi Zabaletak konposatutako Rheo lana estreinatuko du zikloan Xarma laukoteak.
Hau da programazioa:
Mikel Urretagoiena Trio
Urtarrilaren 19an, Igartza jauregian, 19:00etan. Musikenen egin zituen perkusio ikasketak Mikel Urretagoiena ordiziarrak, eta jazz-ean espezializatu zen Holandan. Irailean bere bakarkako lehen lana kaleratu zuen, Denbora izenarekin, eta hori aurkeztuko du zikloan, Dani Pozo baxu jotzailearekin eta Iñigo Ruiz de Gordejuela piano jotzailearekin batera.
Eñaut Zubizarreta
Otsailaren 14an, Usurbe antzokian, 20:30ean. Doodem lana aurkeztuko du biolontxelo jotzaile aretxabaletarrak. Proiektu multidiziplinarra da lana. Moru izeneko Senegaleko pertsona baten bidaia kontatzen du emanaldian, Amaiur Luluaga dantzariarekin eta Iñigo Salvador saxofoi baritono jotzailearekin batera. Narratzaile bat ere badago, Oihana Iguaranek berridatzitako poesia entzungo delarik.
Xurso Morales eta Alejandro Costa
Martxoaren 9an, Igartza jauregian, 19:00etan. 2024ko Igartza Musika Bekaren irabazleak izan ziren Xurso Morales saxofoi jotzailea eta Alejandro Costa klarinete jotzailea.
Ache Pa Ti
Martxoaren 23an, Igartza jauregian, 19:00etan. Ache Pa Ti nafarrek Bilakatzen emanaldia eskainiko dute. Jazz latino eta sustrai kubatarreko musikarekiko zaletasunak batu zituen Fermin Goñi (txistua), Joserra Garcia (pianoa), Jokin Zabalza (baxua eta gitarra), Alex Ruiz Pastor (perkusioa) eta Dani Arias (bateria).
Besaide
Apirilaren 6an, Igartza jauregian, 19:00etan. Irusta emanaldiarekin, euskal musikaren gaurkotze modernoago bat eskaintzen dute. Ezohiko instrumentuak erabiltzen dituzte, euskal musikarekiko lotura izan dezaketenak baina gutxi erabiliak, zein beste herrialde batzuetako musika tradizioetan erabiltzen direnak. Gorka Bravok, Teresa Jareñok eta Aritz Mugartegik osatzen dute hirukotea. Besteak beste, zarrabetearen edo buzukiaren doinuak entzuteko aukera eskainiko dute.
Xarma laukotea
Maiatzaren 18an, Igartza jauregian, 19:00etan. Maila goreneko musikariz osatua, tartean Euskadiko Orkestrakoak. Garazi Zabaletaren obra bat estreinatuko dute: Rheo.
Eñaut Elorrieta
Ekainaren 13an, Loinazko San Martin basilikan, 20:00etan. Ateosteko bira proiektuarekin izango da Elorrieta musikari aski ezaguna Beasainen, kontzertu intimista bat eskaintzeko.
Loinatz abesbatza eta Sabadelleko Belles Arts korua
Ekainaren 28an, Loinazko San Martin basilikan, 19:30ean. 2026an 40. urteurrena ospatuko du Beasaingo Loinatz abesbatzak, eta horren harira, elkar tukea egingo dute Sabadelleko Belles Arts koruarekin. 2026an hara joango dira, eta ekainean lehenengo hitzordua izango dute Beasainen, Igartza Musika zikloan.