Garinen hasiko da lehia
Bederatzi proba izango ditu aurten Goierri Kopa Trailak, Arriarangoa ez baita jokatuko. Garingo Mendi Lasterketa izango da lehena, hilaren 19an, eta sprint modalitatean soilik jokatuko da.
Garinen emango diote hasiera 2025eko Goierri Kopa Trailari, Garingo Mendi Lasterketarekin, hilaren 19an. Koparen bederatzigarren edizioa izango da. Lau lasterketarekin jarri zuten martxan 2016an kopa, eta aurten bederatzi proba izango dira. Iaz aurreneko aldiz hamar proba izan ziren, baina aurten Arriarangoa ez dute antolatuko. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Kopa Garingo
Ohi bezala, bi distantziatako ligak jokatuko dira: sprinta edo motza, 10-16 kilometro artekoa 500-1.000 metro arteko desnibel positiborekin eta traila edo luzea, 21-27 kilometro artekoa 1.000-2.100 metro arteko desnibel positiboarekin.
Antolatzaileek azaldu dutenez, mendi lasterketen kopa egitearen arrazoia lasterketa horietara eta ingurura parte-hartzaileak eta ikusleak erakartzea da, eta aurten, «bereziki emakumezkoen parte-hartzea handitu» nahi dute. Luzera bakoitzak bere sailkapena izango du, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Ez dago sailkapen mistorik. 18 urtez azpikoek sprint distantzian soilik parte har dezakete. Lasterketa bakoitzeko denborak hartuko dira kontuan kopako ligetako sailkapenak osatzeko: lehenengo postua eskuratzen duenak 100 puntu jasoko ditu, bigarrenak 98, hirugarrenak 96, laugarrenak 94… eta horrela progresiboki, 50. postua lortzen duenak bi puntu jasoko dituelarik, eta hortik beherako guztiek puntu bana.
2024ko hainbat datu
Iazko ekitaldiko datu batzuk ere jakinarazi dituzte agerraldian. Sprint modalitatean 281 izan ziren parte hartu zuten emakumezkoak (%21,78) eta gizonezkoak 1.009 (%78,22). Trail distantzian, berriz, 142 emakumezko lehiatu ziren (%13,40) eta 918 gizonezko (%86,60). Antolatzaileen helburua datozen bi urteetarako da sprint distantzian emakumezkoen parte hartzea %25era igotzea, eta trail distantzian %20era. Helburu horiek lortzeko hainbat ekintza martxan jartzeko helburua dute: hitzorduak, emakumezkoei zuzendutako informazioa eta sari bereziak, besteak beste.
Kilometro Bertikala, berezia
Garingoa sprint modalitatekoa izango da eta Ordiziakoan, UZ Trail-ean, Leharrei-n, Segura-Zerainen, Zaldibiakoan, Axari Trail-ean eta Korosti Trail-ean bi distantzietako probak izango dira. Txindokikoa, berriz, berezia izango da. Maiatzaren 17an jokatuko den Txindokiko Kilometro Bertikala Euskal Herriko Kilometro Bertikalen txapelketa ere izango da, baina horrez gain, Goierri Kopa Traileko antolatzaileek proba berezi gisa planteatu dute: «Bonus puntuazioa emango du eta 100 puntutatik hasita lehenengoarentzat, atzerago geratzen den bakoitzari puntu bat gutxiago emango zaio, sprint-ean zein trail-ean». Hala, bi distantzietarako puntuagarria izango da eta korrikalariek lortutako puntuek bi probetarako balioko dute.
Sariak denentzat
Lasterketa bakoitzaren ondoren eguneratuko dituzte sailkapenak. Liderrak hurrengo probarako izen-ematea doan izango du, eta liderraren kamiseta eraman beharko du lasterketetan, bestela kopako puntuaziotik kanpo geratuko da. Kopa amaitzen denean, urrian, lau sari banatuko dituzte irabazleentzat, emakume eta gizon liga bakoitzeko. Lasterketa guztietan parte hartzen dutenek ere saria izango dute.
Izen-emateak irekita
11. Garingo Mendi Lasterketa izango da, urtarrilaren 19an, 11:00etan hasita. Parte hartu nahi dutenek rockthesport.com webgunean eman dezakete izena. Gainontzeko probetarako izen-ematea ere zabalik dago.
- Urtarrilak 19. Garin Mendi Lasterketa. Sprint.
- Otsailak 16. Ordiziako Mendi Lasterketa. Sprint + Trail
- Martxoak 23. UZ Trail (Urretxu-Zumarraga). Sprint + Trail
- Apirilak 5. Leharrei Mendi Lasterketa (Gabiria). Sprint + Trail
- Maiatzak 11. Segura-Zerain Mendi Lasterketa. Sprint + Trail
- Maiatzak 17. Txindokiko Kilometro Bertikala. Bonus puntuak irizpide berdinekin bi ligetarako
- Maiatzak 24. Zaldibiako Mendi Lasterketa. Sprint + Trail
- Irailak 14. Axari Trail (Idiazabal). Sprint + Trail
- Urriak 12. Korosti Trail (Legazpi). Sprint + Trail