«Bidaietan egindako harremanek betetzen naute gehien»
Joxe Ramon Agirre 'Marron' mendizale eta parapentelariak (Ataun, 1959) Lazkaomendi aukeratu du elkarrizketa egiteko. Goizeko bederatziak dira, eta eguneko lehenengo eguzki izpiak ageri dira Txindoki mendiaren atzetik. Agirrek mendi kutuna du Txindoki. Sarritan igo da oinez tontorrera, eta handik hegan jaitsi, parapentean. Aizkorri ere ikusten da Lazkaomenditik, eta, udazkeneko giroa egiten duen arren, zuri-zuri dago. Txorien kantua, haizearen orroa eta artzain baten txistu hotsa lagun izan dira elkarrizketan. Hizpide, natura, hori baita Agirreren ingurune gogokoena.
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitzan argitaratu da.
Zer ematen dizu mendiak? Eta zer naturak?
Naturan edozein jarduera egiteak lasaitu eta bakean sentiarazten nau. Mendira igotzeak, eskiatzeak eta parapentean hegan egiteak asebete egiten nau. Pertsona batek ondo sentitzeko dituen bitartekoak bilatzen ditu, eta, behin aurkituta, errepikatu egiten ditu. Halaxe nik ere. Disfrutatzeko etorri gara bizitza honetara, ahalik eta bizitza osoena izateko, eta nik mendian aurkitzen dut ongizate hori.
Noiz hasi zinen mendian ibiltzen?
Mendia eta natura betidanik izan ditut gustuko. Ni, sortzez, Ataungo Aiako baserri batekoa naiz, eta bertan bizi izan nintzen 27 urte izan arte. Beraz, mendiarekin eta naturarekin lotura oso estua dut. 12 bat urterekin, aitarekin joaten ginen Aralarrera, behorrak ikustera, eta, 15 urterekin, bakarrik joaten hasi nintzen mendira. Gogoratzen dut Aralartik harago mendilerro zuri bat ikusten nuela hasiera hartan, eta istantean maitemindu egin nintzela. Pirinioak ziren. Hara joan nintzenean, beste jomuga batzuk sortu zitzaizkidan, eta, hala, munduan zehar ibili naiz bizitza osoan.
Mendiak ikasgai asko eman al dizkizu?
Bai. Mendiak, batez ere, diziplina eman dit, oso exijentea baita. Hala ere, beste ikasgai ugari ere eman dizkit.
Zein, adibidez?
Jendea ulertzen eta besteen lekuan jartzen irakatsi dit mendiak urte hauetan guztietan; batzuetan eman egin behar izaten dela, eta beste batzuetan, jaso. Badira momentuak besteen premia duzuna, eta baita alderantziz ere. Hartu-eman dinamikak irakasten ditu mendiak. Azken urte hauetan ezagutu ditudan pertsonek, kulturek eta esperientziek balio izan didate konturatzeko ez garela munduaren zilborra eta errealitate asko daudela.
«Jendea ulertzen eta besteen lekuan jartzen irakatsi dit mendiak urte hauetan guztietan»
Argazkilaria ere bazara.
Bai, baina ez ofizioz. Hamasei urtean ibili izan naiz dokumentalak eta askotariko ikus-entzunezko lanak egiten. Enpresa pribatu batean lan egin nuen hamar urtez, baina eszedentzia eskatu eta Irlandara joan nintzen. Bi hilabetez egon nintzen han ingelesa ikasten, eta, azkenean, lana uztea erabaki nuen.
Geroztik, munduko hainbat txokotan ibili zara.
Bai, eta dokumentalak egiten aritu naiz hainbat lurraldetan. Nire lanetan lurralde desberdinetako pertsonen bizimodua kontatzen dut, eta mendiarekin lotzen ditut bizimodu horiek. Adibidez, Alaskan McKinleyen egon nintzenean, Bering itsasartean dagoen irla bateko inuitekin egon nintzen bizitzen hiru astez. Bidaia bat egiten dudanean, ezinbestekotzat jotzen dut bertan bizi direnekin egotea. Hori gustatzen zait gehien bidaietatik.
Izan al duzu esperientzia gogoangarririk?
Asko. Gogoratzen naiz, adibidez, Mongoliara joan nintzen lehen aldiaz. Oso berezia izan zen. Bi hilabeterako joan nintzen, eta tsaatan etnia ezagutzeko aukera izan nuen. Tsaatanak oreinen artzainak dira. Zortzi egun egin nituen zaldi gainean, gidari batekin, eta orduan tribu batekin egin genuen topo. Gidariari galdetu nion ea hurbildu ote gintezkeen eurengana, baina esan zidan tribuko kideek kanpotarrekin ez zutela harremanik egiten.
Eta zer egin zenuen?
Interes handia piztu zidatenez, metro batzuk hurbildu nintzaien. Halako batean, umetxo bat ikusi nuen, egurrezko ontzi bat eskuetan zuela. Elur orein bat jeztera zihoan. Elkarri begira gelditu ginen, eta ontzia utziko zidan galdetu nion. Harrituta begiratu zidan arren, ontzia utzi eta oreina jezten hasi nintzen. Gero, umearen ama etorri zen, eta zur eta lur gelditu zen zer egiten ari nintzen ikusita. Horren ondoren, bi aste egin nituen haiekin bizitzen. Emakume hura xamana zen, eta zeremonia batera ere gonbidatu ninduen. Oso harreman estua egin genuen, eta beste aldi batzuetan ere izan naiz bisitan.
«Esperientzia gazi-gozoek bidaia borobiltzen dutela iruditzen zait. Dena era perfektuan ateratzen den bidaietatik ez zara sentsazio berarekin itzultzen»
Zerk betetzen zaitu gehien halako bidaietan?
Egindako harremanak eta lotura sozialak. Azken batean, horrelako harremanek lotzen zaituzte bidaiarekin. Bidaia baten ezinbesteko osagaia dira sentimenduak eta alderdi humanoa. Argazki pila batekin etorri izan naiz etxera, baina gehiago balio izan didate sortutako lotura emozionalek. Bihotzean jasotzen dituzun bizipenak dira. Gauza bera gertatu zait Tanzanian, Kenyan eta Kaukason ere. Beste urte batean Patagoniara joan nintzen, eta hango etnia batzuei elkarrizketak egin nizkien. Esandakoak bildu, eta dokumental bat sortu nuen. Azkenean, mendia aitzakiatzat hartuta, hango eta hemengo egoera sozialak ezagutu eta bizitzeko modua eman didate bidaiek.
Zer esperientziak markatu zaitu gehien?
Agian, giza ikuspegitik gogorrena izan dena Papua Ginea Berrian bizi izandakoa izango da. Lauzpabost hegazkin hartu eta, bat-batean, oihanaren erdira iristen zara. Hango biztanle batzuekin 4.800 metroko mendi batera nindoan, eta izugarria egin zitzaidan ikustea nola zihoazen mendian gora: oinutsik eta ia biluzik. Behin elurra egin zuen, eta kobazulo batean sartuta egon ginen hiru egunez. Harreman berezia sortu zen gure artean. Hotzik ez pasatzeko, egurra ekartzen eta sua egiten ibili ginen, eta izugarri estimatu zuten babes hori eskaini izana. Bueltakoan opariak eman zizkidaten. Hango batek esan zidan ez zela ohikoa kanpoko bati horrelako esker ona erakustea. Antartikan ere gorriak pasatu genituen. Hiruzpalau egun egon ginen elurretan, ezin aterata, ekaitz batek harrapatu gintuelako.
Zer eman dizute halako esperientzia gogorrek?
Azkenean, une gogor horiek guztiak gainditzeak satisfazioa ematen dizu. Esperientzia gazi-gozoek bidaia borobiltzen dutela iruditzen zait. Dena era perfektuan ateratzen den bidaietatik ez zara sentsazio berarekin itzultzen. Joaneko bidaia badakizu noiz eta nola izango den, baina itzulerakoa askotan ez duzu jakiten. Beste alde batetik, pertsona eta mendizale gisa ere, ikasi egiten duzu. Batzuetan gertatzen da helburua ez lortzea espero bezala, eta badirudi gailurrera ez iristea porrota dela, baina ez da hala. Niri gertatu izan zait helburua bete aurretik buelta eman behar izatea. Erabaki zailak dira, baina jakin behar da halako erabakiak hartzen. Askotan, jendea bukaeraraino igo den arren, ez da bueltan itzuli. Nik bidean galdutako lagun asko dauzkat.
Nola hasi zinen parapentean ibiltzen?
18 bat urterekin, Pikoeta mendira joan nintzen, eta han hegan egiteko balio duen delta hegoa izeneko tresna ezagutu nuen. Pertsona bat hegan ikusteak barrua mugitu zidan, izugarria izan zen. Lagunekin Andorrara egin nuen beste bidaia batean, kasualitatez, liburutegi batean tramankulu horri buruzko liburu bat topatu nuen. Delta hegoa nola eraikitzen zen irakurri, eta etxean halako bat sortu nuen. Ez nuen asko erabili, baina hegan egin nituen lehenengo metroak horrekin egin nituen. Gure aitari ez zitzaion batere gustatu, eta horretan gelditu zen. 19 urterekin, beste baten bidez probatu nuen delta hegoa, eta, soldaduskatik bueltan, bi lagunen artean bat erosi, eta ikastaro bat egin genuen, 1982an edo. Garai hartan ez zen parapenterik, eta, handik bi urtera-edo, delta hego horrekin Txindokira igo ginen. Hura izan zen hegan egin nuen lehen aldia.
Alde handia al dago delta hegoaren eta parapentearen artean?
Parapentea izugarrizko aurrerapena izan da mendia gustatzen zaigunontzat. Motxilan sartu eta edozein lekutara eraman dezakezu.
Parapentearekin lehiaketak ere egiten dira.
Orain beste modu batera hartzen da hegan egitea. Nik mendia maite dut, eta mendiaren osagarri moduan hasi nintzen parapentean ibiltzen. Beste askori, berriz, mendizaleak izan ez arren, hegan egitea gustatzen zaie. Gaur egun, jendeak hegan egiten du mendi inguruetan, baina ez mendia bereziki gustatzen zaielako. Belaunaldi berrietako gazteek beste pentsamolde bat daukatela esango nuke.
«Mendia aitzakiatzat hartuta, hango eta hemengo egoera sozialak ezagutu eta bizitzeko modua eman didate bidaiek»
Mattin Iñiguezek, adibidez?
Bai. Orain dela bi urte elkarrekin bidaia bat egin genuen, Pakistanera. Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Bi mundu, bi belaunaldi eta bi jatorri desberdinetako pertsonak gara. Iñiguez oso indartsu dator, beste jakinduria batekin, baita beste mentalitate eta formakuntza batekin ere.
Parapentean hegan egiten hasi zinenetik hona, gauzak asko aldatu dira?
Bai, aurrerapauso handiak eman dira. Gaur egun, ikusten ez ditugun faktoreak interpretatzeko tresna ugari dago: haizearen joera, mugimenduak, termika… Beste mundu bat da, beste unibertso bat. Gu hasi ginenean, ez zegoen horiek neurtzeko tresna askorik, eta gaur hori dena neurtzen duten aplikazioak eskura ditugu telefonoan.
Eta zu, asko aldatu al zara hasierako garaietatik hona?
Urteak aurrera doaz, eta burua eta gorputza ez dira hasierako berak, baina ilusio berarekin jarraitzen dut. Orain, beste jakinduria bat daukat, eta esango nuke gauzak soseguz hartzen eta ikusten ikasi dudala.
MOTZEAN
Zer duzu nahiago, mendia jaitsi edo igo? Igo.
Mendira, bakarrik edo konpainian? Bi moduetan gozatzen dut.
Amets bat? Bakean bizitzea.
Erreferente bat? Erreferente asko daude arlo askotan, baina nik ez dut idolorik.
Euskal Herriko txoko kutun bat? Agauzko gaina, Ataunen.