Legorretako Etxezarreta paper fabrikaren eremua bideoan
Legorretako paper fabrika Goierriko industria ondarearen lekuko da. 2016an balio arkitektonikoa aitortu zioten, 2017an proiektu bat landu zuten eremua biziberritzeko, eta hura atzera botata, 2023an eremua berrantolatzeko proposamen berria aurkeztu zuen Legorretako Udalak. 2011z geroztik dago itxita.
XX. mendean paper fabrikek Goierrin eta Tolosaldean izan zuten garrantziaren lekuko da Legorretako paper fabrika. 2011n itxi zuten, eta harrezkero hainbat ahalegin egingo dituzte Legorretako Udalak eta beste hainbat eragilek eremu hori biziberritzeko. Gotzon Aranburu dronarekin grabatutako bideoan ikus daiteke zein den industria ondare horren gaur egungo egoera.
2016ko urrian arkitektura eta eraikin modernisten balioa bultzatzen duen Docomomo elkarteak Legorretako Etxezarreta paper fabrikaren balio arkitektonikoa aitortu zuen. Arkitekturaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, fabrika zaharreko bulegoetan plaka oroigarri bat jarri zuten.
2017ko azaroan, berriz, Legorretako Udala, Goieki Garapen Agentzia eta GAC arkitektura bulegoak proiektu bat garatu zuten, eta proposamen bat aurkeztuko zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, hark Etxezarreta paper fabrikako eraikin multzo bat biziberritu dezan. Udalak azaldu zuen, “proiektu anbiziotsua eta berritzailea” zela, eta herriari nahiz eskualdeari “onura handia” ekar ziezaiokeela.
2023ko otsailean, Legorretako Udalak paper fabrika zaharraren eremurako berrantolaketa berria aurkeztu zuen. 2017an aldundiari aurkeztutako proiektua ez zen bideragarria izan, berrerabilpenaren alternatibaren bideak oztopoak zituelako. Gaur egungo aurreikuspenetara gerturatu ahal izateko, egin daitekeenaren parametroak aldatuko dituzte, hirigintza plana eta arauak aldatuz.