'Marte' poesia bilduman bi liburuki argitaratu ditu Tere Irastortzak
Valentziako Contrabando argitaletxearekin argitaratu du 1980 eta 2023 urteen artean kaleratutako poesia. Euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz irakur daiteke.
Tere Irastortza Garmendia (Zaldibia, 1961) idazleak bi liburuki argitaratu berri ditu Valentziako Contrabando argitaletxearen Marte poesia bilduman: Glosak/Glosar el mundo eta Glosak/Glossar el món. Urtarrilaren 29an Iruñeko Txalaparta liburu dendan aurkeztuko du lana, 19:00etan.
Euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz irakur daiteke. Euskaraz eta gaztelaniaz da bat, Irastortzak berak itzulia, eta euskaraz eta katalanez bestea, Manel Rodriguez-Castellók itzulia. Egileak 43 urtez, 1980 eta 2023 urteen artean argitaratutako poesiaren lagin bat biltzen du.
Edizioaz eta hitzaurreaz Lola Andres poeta eta bildumaren zuzendaria arduratu da, eta Neus Aguadok eta Lola Andresek berak lagundu dute gaztelaniazko bertsioaren berrikuspenean.
1981ean argitaratu zuen bere lehen liburua Irastortzak, Gabeziak izenarekin, eta euskarazko poesiaren Kritikaren Saria jaso zuen urte hartan lan horrekin. 2003an sari bera irabazi zuen Glosak, esana zetorrenaz liburuarekin. Hamaika poesia liburu argitaratu ditu eta hainbat antologia eta aldizkaritan parte hartu du. Mundua betetzen zenuten kaleratu zuen 2022an, eta 2023an Son nueve, los pájaros. Azken lan horrekin Euskadi Sarirako finalista izan zen eta Saiakera Sari Nazionalerako finalista.
Marià Manent, Marina Tsvietáieva, Antoni Clapés, Chus Pato, Ángel Guinda, Trinidad Ruiz edo Neus Aguado bezalako autoreen lanak itzuli ditu, eta bere poema batzuk hainbat hizkuntzatara itzuli dira: ingelesa, galegoa, katalana, frantsesa, italiera, alemana edo grekoa. Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakari izan zen, eta egun Beasaingo Ikastolako zuzendaria da, baita UNEDeko Filologia Klasikoko irakasle elkartu ere. UNED-Bergarako Idazle Eskolako sortzaile, zuzendari eta irakasle da duela hogeita bi urtetatik.